Aranzadi Zientzia Elkarteak 2016an San Adrian-Lizarrate. Gipuzkoako historiaren igarobidea liburua argitaratu zuen, inguru horretako arkeologia, historia eta natura balioan jartzeko helburuz. Izenburuarekin, ordea, ez zuen asmatu, bi leku desberdinei erreferentzia egiten dieten izenak erabili zituelako: San Adrian eta Lizarrate. Jasotzat eta ikertutzat jo zituzten Partzoneriako leku-izenak, hala izan gabe. Eta lastima da, asko kostatzen delako gero izenen erabilera okerrak zuzentzea.
Aipatutako liburua argitaratu eta hurrengo urteetan Partzoneriako historia eta arkeologia lantzeko egitasmo zabal batean parte hartzeko aukera izan nuen (Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia), eta baliatu nuen bertako toponimia sakon aztertzeko. Alde batetik, gaur egun erabiltzen diren izenak, eta, bestetik, izen dokumentatuak.
Ikusi nuen San Adrian eta Lizarrate bi inguru desberdin izendatzeko erabili izan direla historian zehar, eta, gainera, aldaera gehiago ere badituztela. Hala, San Adrian izena gaztelua eta mikelete-etxe zaharra zeuden kobazuloa erreferitzeko erabili izan da, baina gaztelaniaz jarduten zuten jendearen aldetik, batez ere. Euskal hiztunek, gehienek ez bada ere multzo handi batek, kobazulo hori Sandrati, Sandratei, Sanatri, Santatria… izenez ezagutu dute eta ezagutzen dute oraindik ere, era horretan antzinako Sancta Trinitas izenetik gertuago dagoen aldaera gordez. Ez da ahaztu behar Sancti Spirituseko ermitako erromeria ere Trinitate egunez egiten dela urtero.
Ez da, hala ere, kobazuloari ematen zaion izen bakarra. Oltzeko Dominikak Kuebea esaten zion, besterik gabe. Eta ondo ezagutzen zuen alderdi hori, bere anaia Donato ondoan dagoen Expisantun egoten zelako artzain. Hainbat dokumentu zaharretan horrela azaltzen da, gainera: La Gova (1782), Gova de San Adrián (1786), Cueva de San Adrián (1915)… ‘Túnel de San Adrián’ aldaera ere zabaldua dago, baina berriagoa dirudi, eta Araba aldetik sartua.
Izen gehiago
Ezkaratze izena antzina kobazuloa erreferitzeko erabiltzen zela iruditzen zait, Gizaburuagan eta Arrasaten bezala. Bi herri horietan Laminen eskaratza izenarekin kobazulo ezagunak izendatzen dira. Partzonerian, berriz, izen hori kobatik gora dagoen zabaluneari eta iturri inguruari esaten zaio.
Lizarrate, azkenik, mendatearen izen zaharra da, Partzoneria eta Zalduondo lurraldeak banatzen dituen gaina, ahozko erabileran aspaldi galdua. Puntu horri gaur egun Portugaña esaten zaio, baina historian zehar izen gehiago izan ditu Lizarratez gain: Alto de la Horca, La Justicia, Puerto de Sant Adrián, Alto del Puerto… ‘Leizarra’ edo ‘lizarra’ terminoa ohikoa da mendatea designatzeko izenetan; hainbat adibide daude, guztiak mendateak (Ataunen, Idiazabalen, Legazpi, Ziordin…), baina ez dakigu horren atzean zer egon litekeen, ez baitirudi Fraxinus excelsior zuhaitz mota adierazteko denik.