Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Brechten pasarte batean, Keuner jaunari ea Jainkorik ba ote zen galdetu omen zion bakarren batek. Keuner jaunak, beste itaun bat egin zion bueltan: «Galdera horren erantzunaren arabera hire jokabidea aldatuko al lukek? Erantzuna ezezkoa baduk, bertan behera utz dezakegu galdera. Aldatuko litzatekeelakoan bahago, Jainkoren bat behar duk hik».
Gopeguiren eleberri batean, aldiz, protagonistetako bi euren militantzia politikoaz ari dira. Gainera datorkien etorkizun hurbila beldurgarria da, eta haren aurrean inplikatzearen ondorio pertsonalez ari direla, batak besteari honako hau galdetzen dio: «Zerbaiti iskin egin diezaiokezunean, baina ondo dakizunean ez dela hori egin behar zenukeena… horri nola esaten zaio? Ze izen du horrek?». Kidearen erantzuna: «Mm… ez dakit ba, patua deituko nioke nik».
Jainkoa eta patua, ia beste mende bateko hitzak dirudite. Baina ez dira. Gure zaharrak ez ziren alferrik fededun, ondo asko zekiten zein beharrezkoa zen –eta den– zerbaitetan sinestea. Eromenaz aritu nintzen azken testuan, eta, nire begietan, sinestearekin lotuta dago, zerbaitek zentzua galtzen duen unean, orduantxe, hasten baita eromena.
Ez naiz fededuna, baina sinestuna bai, zerbaitetan sinetsi eta horren alde egiten dudan aldetik; sinestea ez baita pentsaera bat: jokabide bat da. Eta, ez bedi gaizki uler, ez diot sinesten dugun hori utopia bat edo antzeko zerbait denik. Ezta ez erotzeko egindako zerbait denik ere. Beste mundu bat posible eta beharrezkoa delako egiten dugu, maiz saihestu litezkeen kostu pertsonalak onartu beste aukerarik izan gabe. Funtsean, Gopeguik patua deitzen dion hori.
Bizi-jira penagarri honen aurrean, badut zertan sinetsia. Halakorik ez banu, ordea, Keuner jaunak esan bezala, Jainko baten behar gorrian nengoke.