Guraso bigarren aldiz izan berritan ekin diote denboraldi berriari Mikel Asurabarrenak eta Eider Martinezek Gabiriako Ostatuan. Herri kaskoan dago Ostatua, XX. mendearen hasierara arte Gabiriako eraikin nagusia zen Ostatuzahar eraikinean. Udaletxea han egon zen 1918ra arte, etxaurrean dagoen herriko armarriak adierazten duen bezala. Taberna eta jatetxe zerbitzu publikoa emateaz gain, alondegia ere bertan egon zen.
Gaur egun, taberna eta jatetxe zerbitzuak ematen ditu, baita eskolako 25 inguru haurrentzat jangela zerbitzua ere. Gainera, denda txiki bat ere badu, herriko ekoizleen produktuak eta artisauek egindako lanak saltzen dituena, eta udalaren aspaldiko proiektua da logelak ere irekitzea.
Mikel Asurabarrena eta Eider Martinez 2019an, iritsi ziren. Aurretik, makina bat izan dira arduradunak. Aurreko mendearen erdialdetik, Joaquin Iruin eta Manuela Garin (1951-1974), Nikolas Alustiza eta Maria Jesus Garcia (1976-1996), Martin Irazustabarrena eta Maribi Dorronsoro (1996-2003), Aloña Bosque (2004-2012), Juanlu Escudero eta Gustavo Fuentes (2012-2017), eta Juan Carlos Korta (2017-2019).
Asurabarrena Gabiria bertakoa da, eta Zumarragan ostalaritzan lan egin eta gero itzuli zen herrira, ostatuaren kargu hartzera Eider bikotearekin batera. «Herriari zerbitzua ematea eta herritarrei elkargune bat eskaintzea da gure helburua», kanpotarrak alboratu gabe. Ohiko eskaintza dute tabernan, eguneko menua badute, eta asteburuetan prezio aukera zabaleko karta eskaintzen dute, «tradizionala, baina abangoardia puntu batekin», eta hori guztia, toki paregabean. «Gurea leku aproposa da lasaitasun bila dabiltzanentzat, haurrekin etortzeko…».
Ostatuak, herri txikien bizigarri