Ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira historian zehar. Arbasorik zaharrenek ere ziur egungo ohituraren bat edo beste bazituztela eta haien ondorengoei erakutsiz gaur egun arteko bidea egin dutela. Gaztagintza ere ohitura da euskal kulturan eta aski ohitura ezaguna gainera. Artzaintzatik eta gastronomiatik edaten du horren gertukoa dugun jaki honek eta hau egiteko prozesua urteetan zehar belaunaldiz belaunaldi igaro da Euskal Herrian. Goierrin ere gaztagile ugari izan dira historian zehar. Gaur egun, Goierrin zenbait tokitan daude gaztagileak, adibidez, Gabiriako Baztarrika Baserrian.
Iñaki Osinalde Elgarresta (Gabiria, 2005) Baztarrika gaztandegiko laugarren belaunaldikoa da eta egun, bere gurasoek, Asierrek eta Elik, dute gaztandegiaren gidaritza. Hala ere, gaztagile belaunaldi berria pixkanaka-pixkanaka prestatzen ari da eta Iñ̃aki, bere anai-arrebekin batera, familiako ohitura duten gaztagintzan erreleboa hartu ahal izateko prestatzen ari da, agian egunen batean anai-arreben artean hartzea egokituko baitzaie.
Gaztagile belaunaldi berriak badatoz. Nolakoa izan da transmisio hau?
Txiki-txikitatik jaso dugu gazta egiteko prozesua eta ohitura. Ikastetxera joan behar ez genuen egunetan gazta egiten laguntzen genuen etxean. Horrez gain, ardiekin ere ibiltzen ginen arratsaldeetan, eskolatik bueltan. Gaur egun ere hala jarraitzen dugu eta gurasoei lagunduz pixkanaka ikasiz joan gara.
Joan den asteburuan Gipuzkoako Artzai Gazta onenaren saria jaso zenuten Legazpin, baita herritarren dastaketako saria ere. Horrez gain, anaia eta biok igo zarete saria jasotzera.
Joan den asteburukoa oso hunkigarria izan zen familia guztiarentzat. Gipuzkoako Artzai Gaztarik onenaren saria jasotzea oso polita izan da guretzat eta irabaziko ez duzula pentsatzen duzun lehiaketa horietako bat da gainera, maila handia baitago; baina, beno, aurtengoan etxera eraman dugu txapela eta benetan poztu gaituen zerbait izan da. Gainera, anaia eta biok izan gara saria jasotzera igo garenak eta guztiontzat une gogoangarria izan da. Bestalde, herritarren dastaketan ere irabazleak izan ginen eta oso eskertuta gaude gerturatu zirenekiko.
Etorkizunera begira nola ikusten duzu gaztagintza Goierrin gazteen aldetik?
Etorkizunera begira, uste dut gazteen artean jende gutxi dagoela ohitura honekin jarraitzeko prest eta zaila izango dela honi eustea. Hala ere, bagaude batzuk eta etorkizunean ohitura hau mantentzen lagunduko dugu, gure ekarpena eginez.