Herriko plazan, pilotalekuaren eta haurrentzako parkearen ondoan kokatua, herritarren topagune izateko eta herritarren arteko harremanak sendotzeko helburuz jaio zen 2008an Itsasondoko ostatua, udalaren ekimenez. Zerbitzu berrirako Kaxintane izena aukeratu zuten herritarrek lehiaketa bidez, garai batean inguru horretan zegoen errotako Kaxinta etxekoandrearen izena gogoratuz.
Lehen Itsasondon beste lau taberna ere baziren, baina 2008an, Nautiko bakarrik geratu zen zabalik. Egoera hari aurre egiteko asmoz, herriko ostalaritza zerbitzua indartzea erabaki zuen udalak eta, bide batez, herri bizitza eta herri giroa indartzea eta bultzatzea. Gaur, Nautiko eta Kaxintane dira Itsasondoko ostalaritza zerbitzu bakarrak.
Herriko ostatua udaleko lokala da, eta bost urtez behin esleitzen da. Lehen deialdian, 2008an, Estitxu Benito tolosarrak hartu zuen ostatua gidatzeko ardura. Hurrengo deialdian Rosi Noguera eta Maite Irastorza izan ziren esleipendunak, Aitorrekin batera, eta orain ere, 2025era arte, bi emakumeek jarraitzen dute, azken deialdian elkartu zaien Jorge Gorrindorekin batera. Ostalaritzan esperientzia zuten hiruek, eta gustuko dute lan hori gainera. Taberna zein jatetxe zerbitzua ematen dute, goiz eta arratsaldez. Enkarguz bazkariak prestatzen dituzte, eta asteburuetan, afariak ere ematen dituzte. Bestela, pintxoak eta errazioak ere badituzte.
Herritarren topaleku bihurtu da Kaxintane, eta kanpotarrak ere hartzen ditu, batez ere Ordiziatik bidegorritik zehar paseoan joaten direnak. Asteburuetan izaten da mugimendu handiena.
Ostatuak, herri txikien bizigarri