Salome Olaetxea • Mutiloa
Irailaren 8a, mutiloarrok Lierniko Ama birjinaren eguna eta auzoko festak ospatzen dituguna gertu dugun honetan, artikulu hau idazten ari naiz eta Mutiloako Lierni auzoko jaiei, Mariatxo Telleria serorari eta gure zaindariari omenalditxoa eskaini nahi diet.
Antzina auzo honetako festak nolakoak ziren jakinminez Joxe Mari Telleria eta bere emaztea Kontxi Gabiriarekin elkartu naiz, Lierniko Serora etxeko Mariatxo eta Alejo Telleriaren ilobak. Lierniko baseliza 1587. urtekoa da; badirudi Ama Birjina ermita orain dagoen tokian agertu zela bertan baseliza eraiki zezaten baina garai hartako mutiloarrek baseliza herritik gertuago eraiki nahi omen zuten eta eraikuntzarako materiala beherago pilatzen hasi ziren. Halako honetan Ama Birjina ados ez eta gauez material guztia berriro gora eramaten zuen. Orduan, orain dagoen tokian altxatzea erabaki zuten.
Deigarria da Lierniako Ama Birjinarekiko debozio hedatua, ugalkortasunaren zaindari eta antzutasunaren aurkako defendatzailetzat hartzen baita, eskualdeko hiribilduetako biztanleek ez ezik, eremu urrunagoetako erromesek ere.
Irailaren 8an, trenez Gipuzkoa osotik etorritako fededunak elkartzen ziren Lierni gainean. Garai hartan, Lierni garakoa baserria, baseliza, Serora etxea, eta bolatokia zeuden (hau, orain Mujika jatetxea dagoen tokian); besterik ez zegoen.
Fede handia
Nolakoa izango zen fedea, baserriko oilanda ederrenak hartuta eskerrak ematera edo eskatzera gerturatzen zirela gehienak Ama Birjinarengana. Oilanda hauek serorak kudeatzen zituen eta hurrengo egunean saldu egiten zituen. Esan digutenez «irailaren 8an ba omen zegoen berandu arte Liernin geratzen zena, normalean gabiriar batzuk izaten omen ziren azkenak alde egiten eta gabiriar horiek hurrengo egunean lehenak izaten omen ziren oilandak erosten».
«Liernira etorri omen zen emakume bat bere haur jaioberriarekin, oso kezkatuta haurrak bularra ez zuelako hartzen, egunak pasa eta haurra oso ahul zegoelako. Ama Birjinari errezatu eta eskaintza egin ondoren, ama hau aldapan behera desesperatuta abiatu omen zen, eta halako batean lurrean eseri eta haurrak bularra hartu omen zion». Horrelakoxea zen gipuzkoarrek Ama Birjinari zioten fedea!
Festetakoa egun polita izaten zen, goizean meza entzuten zuten baselizan eta gero soinujolea edo orkestina etengabe egunean zehar erromesak dantzan jarriz. Bazkaria gehienek etxetik ekartzen zuten baina serorak ere bazkariak ematen zituen. Egun horretarako kroketak, zopa, txorizoa (Liernikoa oso ona omen zen), xolomoa, tortillak…. prestatzen zituen Mariatxok. Baina Serora etxek bakarrik ezin izaten zuen horrenbeste jenderi zerbitzua eskaini eta udalak «txosna» tankerako zerbait jartzen zuen edariak saltzeko.
Aurten zein datozenetan ohiturak jarrai dezaten esperantzaz agurtzen naiz.