Zegamako Ostatua udaletxearen ondoan, herriko plazatik eta San Martin elizatik gertu dago, eta aspaldikoa da. Hiru solairuko eraikina da: behekoan taberna eta 100-bat lagunentzako tokia duen jatetxea ditu, eta goiko bietan, gelak. Goitik behera birmoldatuta, gaur hiru izarreko ostatu kategoria dauka, eta hamar logela ditu (20-25 ohe).
Azken berrikuntzak 2018-2019 artean egin zituen udalak, tabernan, jatetxean zein geletan, eta orduz geroztik, Maria Txapartegi eta Edu Cuesta dira arduradunak. Kanpotarra izan arren, Eduk harreman estua zuen Zegamarekin lagun bat tarteko, eta herriko ostatua alokairuan atera behar zutela jakinda, pausoa eman eta bere burua aurkeztea erabaki zuen, «asko kostata, egia esan». Baina besteentzat lan egiteaz nekatuta, zerbait propioa kudeatu nahi zuen, nahiz eta Zegamakoa, negozio handia zen, eta da. Udako denboraldian hamar lagun ibili dira lanean.
Ostalaritzaren alorrean eta bereziki sukaldari gisa eskarmentu handikoa da Edu, eta horixe inportatu zuen Ostatuko sukaldera eta jatetxera, bezeroei sukaldaritza tradizionala eta abanguardista uztartzen zituen eskaintza helaraziz. «Baina aldatu behar izan dut, jendea oso klasikoa delako hemen», aitortu du. Pintxoak, errazioak eta aukera askoko karta eskaintzen ditu, «prezio tarte zabalarekin». Jangela handia izanda, ezkontzak ere eman dituzte.
Ostatua ez da Zegamako taberna edo jatetxe bakarra, baina ostalaritza zerbitzu asko ez daudenez, herri txikiagoetan bezala herritarren elkargunea ere bada. Betiko bezeroak ditu batez ere, eta batzuk larunbatero joaten dira afaltzera, «eta beti mahai berean jartzen dira, erreserbatuta dugu haientzat».
Pentsioa, aldiz, kanpotarrei dago zuzenduta bereziki, eta, besteak beste, Santio Bidea eginez Zegamatik igarotzen direnak hartzeko prest dago. Aste Santuan hasi eta iraila iritsi arte egiten dute lan gehien. «Maratoiarekin eta Cavaren festarekin, bete egiten da, baita udan ere. Aurten uda osoan egon da beteta, ekainetik abuztuaren amaierara arte».
Edu eta Maria gustura daude Zegaman eta Ostatuan lanean, eta aurrera jarraitzeko asmoa dute.
Ostatuak, herri txikien bizigarri