Lizarriturri txistulari bandak antolatuta, txistu alardea egingo dute bihar larunbata Urretxun, Santa Anastasia jaien barruan. Duela hamarkada batzuk hasi ziren kontzertu hau egiten, eta ezinbesteko hitzordu bihurtu da urretxuarrentzat.
Txistu kontzertua Santa Anastasia jaietako ezinbesteko ekitaldi bihurtu da, eta duela 32 urte gordeta du egitarauan larunbat arratsaldeko 19:00etatik aurrerako ordua. Ordu horretan, txistua da aitzakia Iparragirre plazan, udaletxe aurrean elkartzeko, baina kontzertuak askoz ere gehiago eskaintzen du, txistulariez gain, makina bat musikari, abeslari eta dantzari biltzen direlako, baita marrazkilari bat ere. Horren guztiaren atzean, Lizarriturri txistulari bandaren antolaketa lana dago.
Kontzertu honen hasiera 1991ean kokatu du Lizarriturriko kide den Ibon Garmendiak, baina aurrekariak badituela ere zehaztu du: «Euskal Jaiaren inguruan sortu zen. Euskal Jaiaren egunean bertan, goizez, Gernikako Arbola plazan, zutik eta nahiko modu informalean egin ziren lehen kontzertuak. Garai hartako kontzertuak halakoak ziren!». Baina 1991n «norabide aldaketa» eman zioten kontzertuari, eta «Donostiako Konstituzio plazan egiten ziren kontzertuen estilokoa hemen ere egitea» pentsatu zuten, «Goierriko herrietan, Beasainen, Idiazabalen edo Seguran egiten hasi zirenen antzekoa». Errepertorioak Donostian jotzen zirenak izaten ziren hasieran, edo «oso antzekoak», baina pixkanaka «bertako piezak» ere sartzen hasi ziren, eta herriko beste musikari batzuen kolaborazioak ere eransten joan ziren, gaurko dimentsiora iritsi arte.
Ehundik gora partaide
Txistu kontzertua izango da biharkoa, eta Urretxuko eta beste herri batzuetako txistulariak izango dira nagusi, 40 inguru. Horiekin batera, musikari gehiagok ere parte hartuko dute, baita dantzariek ere, ehundik gora partaide elkartuz, gehienak betiko kolaboratzaileak.
Hala, Gorobel metal boskotea, Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta trikitilariak, Asier Alkorta gitarra jotzailea, Jon Goenaga piano jotzailea, Patxi Urrestarazu baxu jotzailea, Iratzarri dultzaineroak, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartariak, Juan Luis Aranburu akordeoilaria, Goiargi abesbatza, Oihane Vicente, Amaia Aranaga, Abarlotz Olano, Maddi Martin eta Uxue Kerejeta abeslariak eta Lurra eta Irrintzi dantza taldeak izango dira aurtengo partaideak. Margolari bat ere izango da ikuskizuna osatzeko, Oier Fernandez.
«Askotan esaten da festak parte hartzaileak izan behar direla» dio Garmendiak, «ba kontzertu hau da horren eredu». Halako partaidetza handiak arazoak sortzen ditu entseguetarako, eta aurretik bakoitzak bere partea bere kabuz landu eta gero, entsegu orokorrean elkartzen dira guztiak, eta «dena ondo ateratzen da».
Bihar, Amaia Aranburu eta Jesus Mari Garralda aurkezle lanetan direla, eta Garmendia bera zuzendari dutela, ordu betetik gorako saioa osatuko dute, 11 pieza eskainiz. Estilo askotako abestiak dira, txisturako moldatuak, eta nahasketa horrekin «kontzertu atsegin eta entretenigarri bat» izango dela agindu du Garmendiak. Ohi bezala, Jose Maria Iparragirreren Gernikako arbola abestiarekin amaituko dute ikuskizuna.
Lizarriturri, askoz ere gehiago
Jaietako kontzertu hau da Lizarriturri bandaren urteko ekitaldi gorena, baina ez bakarra. «2010ean urrezko ezteiak ospatu genituenean, garai bateko txistulari beteranoak bandara itzuli ziren, eta kalejirak egiten hasi ziren, astean behin. Talde hura desegiten joan zen pixkanaka, eta orain egun berezietan bakarrik egiten ditugu, hilean behin edo bitan: Gabonak, urtarrileko danborrada, inauteriak, San Joan, San Martin, Santa Zezilia…». Herri erdian bakarrik ez, auzoetan ere jotzen dute, eta horientzat gordeta egoten dira Aste Santutik San Joan bitarterako kalejirak.
Urretxutik kanpo ere ibiltzen dira Lizarriturrikoak, eta besteak beste, biharko kontzertuan jotzera etorriko direnei bixita itzuliko diete, «azaroan Beasainen joko dugu, otsailean Idiazabalen…». Une honetan «dozena bat» musikarik osatzen dute Urretxuko banda. «Giro oso ona dago taldean». Aizpurunea kultur etxean dute egoitza, eta bertan entseatzen dute, baina «jendea ez da bakarrik txistua jotzera etortzen, giroak erakarrita ere bai».
Giro ona bai, haina harrobirik ez, eta txistulari gaztetxo berrien faltak atsekabea eragiten die. Nonbait, txistua ez da musika tresna erakargarria. Txalapartarekin ere gauza bera gertatzen dela dio Garmendiak , «euskalduna ez dago modan musikan, trikitixak eusten dio zeozer, baina hortik aurrera, ezer gutxi». Horregatik azpimarratzen du talde giroaren garrantzia, «talde giroa lortzen baduzu, asko egina duzu».
Txistua umeek bakarrik ez, helduek ere jotzen ikasi dezaketela dio. «Txistua bizitzeko era bat da, txistuari esker herriaren beste alderdi bat ezagutzen duzu, inaugurazioak, festak eta bestelakoak direla, barru-barrutik ezagutzen duzu dena, baita jende ugari ere».