Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Datorren astean, Lakuntzan, Sakanan zaindu gertutik lelopean zaintzaren inguruko jardunaldi bat izango da gai honen inguruko hainbat atal jorratzeko. Gehiengoak ikuspegi feminista edo genero begirada izango dute. Bi egun emango dituzte horren inguruan mintzatzen eta hainbat herritan honen inguruan izan diren esperientziak partekatzen. Azaroaren 30erako greba feminista deituta dago zaintzen inguruan: Zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde.
Guk, aholkularitza bezala, zaintzaren inguruko hainbat proiektu ditugu mahai gainean. Osasun etxeko itxaron gelan nagoela, zaintzaren inguruko kartel batzuk ikusten ditut eserita nagoen tokitik. Han eta hemen, zaintzaren inguruko diagnostikoak ditugu esku artean; mapak, baliabideak, profesionalen taldeak, ikastaroak… Zaintza, zaintza, zaintza… ez dakit hitz berria aurkitu ote dugun; kontzeptu berria ez, ordea. Eta jarri, jar diezaiokegu nahi diogun kutsu teorikoa, atal zientifikoa, genero ikuspegia, baina zaintza, benetako zaintza, ez da zerbait exotikoa.
Ez da gauza bera bi urteko haur bat zaintzea edo adineko bat. Ez da berdina autozaintza spa batean praktikan jarri edo ebakuntza baten ondoren gure buruari aplikatu beharko diogun zaintza. Ez da parekoa zaintza emozionala, fisikoa edo ekonomikoa. Kolektiboa edo indibiduala. Borondatezkoa, profesionala, edo nahitaezkoa. Ezta ere puntuala edo epe luzerako suertatzen dena. Afektibitatea tarteko duena edo maitasun atxikimendurik gabe egiten dena. Denboraz egiten den zerbait, edo beste mila zereginen artean burutu behar dena. Aringarriak edo arruntak. Etxekoak edo erakundekoak. Ematea, jasotzea edota eman eta jasotzea. Baina ez dira berriak, ez ditugu orain asmatu.
Praktika eta jardueraren gainean teorizatzen denean bezala, kolektibo ezberdinak sortzen dira, zaintza eman eta zaintzaz hausnartzen dutenen edo dugunon artean. Eta benetako erronka da, bi plano horiek gehiegi ez urruntzea. Ez dezala inork uste zaintzaren inguruko jardunaldi edota saiorik deabrutu edota gutxietsi nahi dudanik. Zaintza erdigunean eta mahai gainean jartzea beti da interesgarria, horren inguruan eztabaidatzea beti da aberasgarria. Baina bi gauzek harritzen naute batzuetan: hain oinarrizkoa den zerbaiten inguruan horrenbeste azalpen eman behar izatea, eta hirugarren gainekoen zaintza gutxi praktikatu duten zenbaitek duten ezagutza teoriko zabala. Niri dagokidanez, ezin izan dut artikulu hau modu jarraian idatzi. Zaintza, zaindu beharra, teklatuaren zirrikitutik sartu zaidalako.