Jonmikel Intsausti • Urretxu-Zumarraga

Loti bertatik pasa eta 22 urte geroagokoa da argazkia, baina ondo irudikatzen du ingurua. / Indalecio Ojanguren
1898an argitaratutako ‘Figures et choses qui passaient’ (Gertatu ziren irudi eta gauzak – Calmann Lévy argitaletxea, Paris) liburuan Pierre Loti idazle frantsesak (1850-1923) 1892an Zumarragako plazan gertatutako ezkontza baten berri ematen digu; bera Loiolarako bidean da. Ederra zinez testua.
Asteazkena, 1892ko urriaren 25a. Ilunabarrean, eguzkia jaisten, Donostiatik Madrilerako espresak, nire lagun euskalduna eta biok, Zumarraga izeneko herri batean utzi gaitu. Han ordubetez egon behar dugu, San Ignazioren lurraldera eramango gaituen zaldi-kotxearen zain.
Hegoaldeko udazkeneko sasoi epela, hosto gorrien malenkonia nonahi. Halabeharrez tristea da, noraezean ibiltzea, ilunabarra auhenka hasten denean, eta erritmo eten eta apur bat arabiarra duen pandero batek laguntzen dio. Gerturatzen ari da, ondoan igaro ari zaigun ezkontza bat da, oi! Ezkontza talde txikia, txit apala, oso azkar desfilatzen ari da, ia korrika, musika honen doinuan.
Plazan, prozesio txikia gelditu da, dantza egiteko, haizeak harrotzen dituen hosto hilen uholdeetan. Hamabost bat lagun dira guztira, eta lehenik gu baino ez dago beste inor haiei begira. Emaztegaia, oso gazte eta ederra, egungo modako soinekoa janzten duen bakarra da: arkume-mahukak eta 1830eko gona, 1892ko azken sorkuntza. Panderoak eta flautak aire bizi eta basatia jotzen dute, gure oinarrizko ezagutza erritmiko guztiak nahasten dituzten bost alditako euskal doinu horietako bat, eta denek batera dantza korapilatsu bati ekiten diote, jauziekin eta oihuekin nahasita — dantza oso zaharra da, laster galduko da haren tradizioa.
Bi edo hiru neskato heldu dira, buruan pegarrak dituztela, iturritik ura ateratzeko; orduan, senargaiak, —hemezortzi urteko itxura du,— dantzatzera gonbidatzen ditu. Haurrak badatoz, alfer batzuk ere bai, bilera txiki bat egiten da, eta ez da hain tristea pobreen festa hau, iluntze honetan, inguru hits honen erdian.
Eta, kalean, baserritarrek ere, hura ikusteko, idi-gurdi astunak geldiarazten dituzte pasaeran, zurezko disko itxurako gurpilen gainean biraka, zarata handia eginez, gurdi zaharrak balira bezala.
Bostetan gure kotxea bertaratzen digute, prest dago dagoeneko: kabriolet moduko bat, hulezko kapota duena, bata bestearen atzean lotutako bi zaldirekin, lepoan zintzilik txilin ugari dituztela.
Berehala gaude landa-eremuan, eta agudo gau beltzean, — gau epela udan bezala. Ordu eta erdiko bidea, martxa azkarrean, haranetan, zintzur bihurrietan, ikusten ez ditugun uharrak inguratuz, baina txilinak astintzen ibili arren zarataka entzuten ditugunak. Hegoaldeko haize leun batek etengabe botatzen dizkigu hosto hilak aurpegira.
[…]
Biharamunean esnatu zen Loti Loiolan, eta aitortu zuen fondako neskamea kantatzen ari zen Iparragirreren “bost alditako euskal abesti” batek iratzarri zuela (garai hartan oso ezagunak ziren gure koplari urretxuarraren abestiak Euskal Herrian). Aurreko egunean Urretxuko Iparragirre plazan izana zen, txiki eta triste definitzen du Lotik (Urretxu eta Zumarragako mugak nahasi zituen orduan, Zumarragan zela uste baitzuen Iparragirreren estatua).