Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Inguruko zenbait herritan gaueko atsedena bermatze aldera kenduak dituzte gaueko nahiz goizaldeko orduen doinuak. Bai erlojua eta baita kanpaitxoak ere, herritarrek ongien ikusi eta entzun ahal izateko herriko gunerik altuenean, elizetako kanpandorreetan, kokatu zituzten. Bata zein bestea udalen eskumenekoak izan ohi dira.
Ez dakit gaueko ordu-soinu horiek isilarazi dituzten herrietan kontrako iritzirik izan den. Gurean, behintzat, saltsa sortu da. Eskariren batzuk tarteko, 2021eko azaroan adierazi zuen udalak gaueko kanpai hotsak isiltzearen ideia. Jarraian, erabakiaren aurkako idatzi mordoskek eraginda, eskari egileekin hitz egin eta zegoenean utzi zuen. Horietako bat, ordea, bere asmoarekin aurrera jarraitu eta arartekoarenganaino ere ailegatu da. Honek, legea aplikatuz, isildu egin beharko liratekeela jakinarazi dio herriari. Hori horrela, uda honetan, berriro ere ttan-ttanak isiltzeko asmoa azaldu du udalak bere difusio taldean. Honen ondoren, aurkako idatziak jaso eta digitalean nahiz paperean irudiak ere zabaldu dira.
Ulergarria izan daiteke kanpaitxoek gaueko deskantsua galeraztea. Ulergarria baita ere, autobusek, hondakin kamioiek, banaketa furgonetek, autoek, tabernetako musikek, gaupaseroek, txakur zaunkek, behorren zintzarriek, astoen arrantzek, oilarren kukurrukuek… atsedenerako sor dezaketen oztopoa.
Ulergaitzagoak dira, difusio taldean publikatuta, eskari egileak udalari bidalitako gutunean azaltzen diren baieztapen eta argudioak. Isilaraztearen aurka daudenen nahia ez dago tradizio eta emozio hutsekin lotua. Gaur egun ere, erabilgarritasuna badaukate hainbat herritarrentzat: gauaren bakardadean adineko eta ez adineko askoren lagungarri dira, iratzargailuaren argiari begiratuta loa galdu ordez ordua jakitearen onura aipatzen du zenbaitek, herri nortasunaren adierazgarritasuna beste batzuek…
Are ulergaitzagoa da, ordea, gaueko ttan-ttanak animaliekiko tratu txarrekin edota emakumezkoen bazterketarekin konparatu eta aurreratu gabeko eta heldu gabeko gizartearen adibidetzat jartzea. Uhin elektromagnetikoz inguratuta pantailez betetako gero eta etxebizitza isolatuago, indibidualago eta nortasunik gabekoak ote dira gizarte aurreratu eta helduen eredu?