Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Eskola eta kirola loturak oihartzunen bat eragingo du gutako askorengan. Belaunaldi eta bizipenen arabera baikorragoa edo ezkorragoa izan daiteke irakurketa, gozoagoak edo gaziagoak oroimen eta oroiminak.
Eskola kirolaz aritzean nahaspilatsuagoa izan daiteke buru-mapa, sentimenduak kontrajarriak, irudiak denetarikoak eta zapore mingotsagokoa koktela. Abilezia mailak, onak eta txarrak bereizteko joerak, taldekide izateko baldintzek eta azken emaitzaren presioak, besteak beste, azkura eta zauri ugari eragin dituzte bereziki iaioak izan ez edo kiroletan estereotipoek ezarri moduan jardun ez dutenengan. Zenbait erabat uxatzeraino. Gehiegi.
2023ko Euskadiko jarduera fisiko eta kirolaren legearen arabera «eskola-adineko jarduera fisiko eta kiroltzat hartzen da 16 urtera bitarteko ikasleek eskola-orduetatik kanpo egiten duten jarduera antolatua». Beraz, ereduak eredu, oso litekeena da eskola kiroleko programan aritzea zuen inguruko haur eta nerabeak jarduera fisiko eta kiroleko hastapenean.
Lege berean zehazten da eskola-adineko jarduera fisiko eta kirol programak prestakuntza integralera, nortasunaren garapen orekatura eta geroago jarduera fisikoa eta kirola egiten jarraitzea ahalbidetuko duten baldintza fisikoak eta osasun-baldintzak lortzera bideratuko direla. Hori nola bermatzen da egun gure eskualdean? Zein da inklusio maila? Eta uzte-tasa? Genero-desberdinkeria zertan da? Desgaitasunak dauzkaten ikasleek parte har al dezakete? Zoritxarrez, helburua lortzetik distantzia batera jarraitzen dugu. Uste dut oso mantso doala aldaketa. Mantsoegi.
Aurten berrikuntza garrantzitsu bat txertatu beharko dute arlo honetan diharduten erakunde guztiek «Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa» betez, haurren eta nerabeen babes integrala bermatzea jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko indarkeria mota guztien aurka: norberak eragindakoa, pertsonen artekoa (zabarkeria, indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexu indarkeria) eta testuingurukoa (egiturazkoa – normatiboa). Horretarako, ingurune seguru eta babesleak eraiki eta indarkeria egoerak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta esku-hartzeko jarduera-protokolo bat aplikatu eta arduradun bat izendatu beharko dute biktimei berehalako arreta emateko.
Agian, esfortzuaren kultura, gorputzen gurtza eta emaitzen arrakastaren izenean arrastaka dena onartzeari uzteko abiapuntuan gaude. Hala bedi.
Ekin eta gozatu!