Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Kaixo! Triste gaude, baina pozik, gurekin zaude, baina ez zaude, hutsunea eta betetasuna, biak sentitzen ditugu. Hutsunea, fisikoki gure ondoan ez zaudelako, eta betetasuna, zurekin gozatu eta asko ikasi dugulako. Zure hitza hona ekarriz, ‘unibertsoak’ parean jarri gaituelako, elkarrekin bizi izan garelako, pozik gaude; zu ezagutzea zorte handia izan da.
Argia, bizia, goxoa eta maitekorra, zuzena eta zorrotza, laguna eta laguntzailea, beti ikasteko prest eta irakasle, sukaldari, ekologista, abertzale, bakegile… pertsona, pertsona bete-betea, konpletoa eta ona. Horixe izan zara, gutxienez.
Zure etxea ez da inoiz zurea bakarrik izan. Gurea izan da. Atea beti zabalik lagunentzat, adiskideentzat, iheslarientzat, borrokalarientzat, abertzaleentzat, Euskal Herri askatua helburu dugun guztiontzat. Lagun ez zenituenek ere egin zizuten, ordea, bisitarik, hainbatetan; zure baimenik ez zutenak ere sartu izan ziren zure etxean, zure bizitzan.
Zenbat lezio eman diguzun nola bizitzaz, hala heriotzaz; haurtzaro eta gaztaroaz bezala zahartzaroaz; herriaz, herri zapalduez, nazioez eta pertsonez, diasporarekin beti harremanetan.
Zaldibia eta zaldibiarrak, Goierri eta goierritarrak beti buruan, beti ahoan, beti bihotzean izan gaituzu. Behatuta eta galdetuta jakin duzu gure berri, sorgin sena erabiliz; hala ezagutu gaituzu, kanpotik eta barrutik.
Bakarra, parekorik gabea izan zara. Itzali zara, ordea. ‘Bizitzak heriotza zor’.
Gurekin jarraituko duzu gure bizitza guztian; izan ere, esan, kontatu, erakutsi, irakatsi… diguzun guztia irensten lanak ditugu. Buru-bihotzetan darabiltzagu zuk jarritako hausnarketarako gaiak.
Milesker, besarkada eta pottak bihotzez. Ortzaizeko lurrak gozo har zaitzala. Biba zu! eta bidaia on.