Jon Eskisabel • Musikazalea
Uda amaitzen ari zela musikari eta musikazale batekin topo egin nuen, eta hontaz eta hartaz ari ginela horrela esan zidan: «Jada ez zait nahikoa diskoa gustatzea; elkarrizketak entzun, irakurri behar ditut talde edo kantari baten zalea izateko». Bagara bi, erantzun nion. Kazetari gisa elkarrizketa ugari egin behar izan eta gutxitan topatu ditudalako, ados egon ala ez, asetu nauten gogoetak, gero eta gehiago baloratzen dut kantuak egitearen ekintza soilaren atzean jarrera sendo bat izatea sortzaileak, bere lanari zentzua ematen diona, jokaera zehatz batekin osatzen dena. Zer abestu baino, zer egiten duen. Ez dakit bada, nola kudeatzen dituen sare sozialak eta zein hizkuntz-irizpide erabiltzen duen mezuetan; non zabaltzen duen bere musika; zein jaialditan hartzen duen, edo ez, parte; nor du erreferente; nola argitaratzen dituen diskoak… Laguna eta ni bezalako zaharrunon kontuak, azken finean.
Izan ere, belaunaldi berriek –hala musikariek nola zaleek– horri apenas erreparatzen diotelakoan nago, baina ez beti. Hain justu, horretaz mintzo dira Ibil Bedi taldekoak Argia astekariari emandako elkarrizketan: «Musika egiten dugu guk eta musika kantatua gainera. Diskurtsoa, jende batentzat, soilik hor geratzen da, kantatzen dugun horretan; alegia, eduki hori letretan bakarrik islatzen dela batzuentzat. Niretzat inportanteagoa da taldearen jokabidea hain agerikoak ez diren erabakietan. Egiten duzuna zara». Ez nuke ezta koma bat ere aldatuko, ezta hurrengo pasarte honetan ere: «Kulturak funtzionatu behar du golde batek bezala. Jada balio ez duten sustraiak kendu, garbiketa egin, eta lur horretan bertan jarraitu ereiten».
Horrelakoak irakurrita zer esan Ibil Bediri buruz, bada gure etxeko soinu banda dela azken aldian, eta xira jantzita igaro dugula uda osoa, bai, ia-ia lurra ere ukitzen duen xira luze beltza.