Miren Gallastegi • Segura
Lehen aldiz oholtza gainean, lehen aldiz nire herritarren aurrean dantzan, eta lehenengo aldi hura Euskal Herriko Dantza Txapelketan! –1999-2003 artean parte hartu nuen– Nerbioak ere dantzan nituen goizean goizetik! Txiki-txikitatik gertutik bizi izan nuen txapelketan parte hartzeko aukera nuen lehen aldiz. Amak Segurako udaletxean lan eginik, txapelketa barrutik bizitzeko aukera izan nuen betidanik, eta ez dut oroitzen huts eginiko urterik ikusle bezala.
Larunbat arratsaldean zen gure txanda, garai hartan larunbata eta igandean izan ohi zen txapelketa parte hartzen genuen bikote kopuru handiagatik. Urte hartan 24 bikote izango ginen, gehienak gipuzkoarrak. Segurako Baratze pilotalekuko aldagelak txapelketa giroan sartuta zeuden. Behin bikoteak oholtzara irteteko ordena zehaztu eta txapelketan izango genituen Fandango eta Arin-arinaren erritmoa adostu ondoren, pilotalekura igotzeko ordua zen. Agertoki atzean genuen berotzeko aukera. Musikari neurria hartu eta nerbio batzuk botatzen saiatzeko aldi berean. Bikoteak oholtzara irten ahala, beste bikote batek hartzen zuen bere tokia. Eta egia esateko, lehiakideen maila ondoan antz emateak kirioak azkarrago jartzen zituen dantzan.
Gure txanda iristean, agertokirako azken bost eskailera mailak igo, eta Jose Mari Iriondo, garaiko aurkezlea, genuen gure zain. Irten aurreko minutuak erraztu zizkigun, pare bat galderarekin irribarrea ateraz eta genuen urduritasuna kenduz. Antton Fernandez eta Miren Gallastegi izenak entzun bezain azkar egin genuen salto oholtzara. Hilabeteetako entseguetan ikasitakoa jendaurrean erakusteko asmo biziz. Argia aurpegian, kamerak grabatzen, eta ikusleak gure edozein mugimenduren zain. Fandagoaren lehen notak entzutean egun guztian izan nituen nerbio denak ahaztu eta irribarre handi bat ahoan genuela ekin genion lanari! Egia esateko, Arin-arinera ez nintzen horren arin iritsi Fandangoan nire hoberena eman ondoren. Baina bi dantzaldien arteko segundoetan sakon arnasa hartu eta ikusleen artean ama aurkitu ondoren, Arin-arinari gogor ekiteko gogoa genuen berriro ere. Trikitixak ekitearekin, gure beso eta oinek gora egin zuten, azken txanpa genuen aurretik.
Musika amaitzearekin batera, besoak jaitsi, epaile eta ikusleak agurtuz, lanak bukatutzat eman ondoren, oholtza utzi genuen. Pasa berri genituen lau minutuak ziren azkeneko hilabeteetako lan eta izerdien islada. Eta nahiz eta iganderako ez genuen tokirik lortu, hurrengo urteetan txapelketaz txapelketa aritzeko indarrez bete gintuen esperientzia hark.