Valentin Berriotxoak (Urretxu, 1951) 60 urte daramatza Zumarraga-Urretxuko saskibaloiari lotuta, 50 entrenatzaile bezala. Irailean I. Gipuzkoako Saskibaloiaren Galan omendu zuten. Urtez urte Goierri KE klubean egin duen lanari aitortza egin zioten. Bere ibilbideaz, gazte mailetako saskibaloiaren egoeraz eta etorkizunaz mintzatu da.
Bazenekien omenaldia egingo zizutela? Nola jaso zenuen?
Bi hilabete lehenago Gipuzkoako Federazioko batek galdetu zidan zenbat urte neramatzan saskibaloian. Usaina hartu nion jada, baina ez nekien. Gala hasi aurretik ere ondokoari galdetu nion ea zerbait egin behar zuten. Prorroga batean baino urduriago nengoen. Zerbait zegoela banekien, baina sorpresa izan zen. Beti eskertzen dira horrelakoak.
60 urte saskibaloiaren munduan.
Hirurogeita hamabi urte egingo ditut eta lehenengo partida 12 urterekin jokatu nuen. Orduan konturatu nintzen, ekipoa antolatzen ez banuen, ez nuela jokatuko. Txarra baino txarragoa nintzen. Uztailaren 18a zen, festa eguna zen, eta Urretxun jokatu genuen. Horretarako gaitasunik ez nuela konturatu nintzen.
Zer zenekien saskibaloiari buruz?
Nodoan ikusten nuen saskibaloia, besterik ez zegoen. Bost kantxaratzen zirela nekien, errusiarrak eta Real Madrid zeudela gorenean… ezer gutxi nekien.
Gazte hasi zinen entrenatzaile.
Goierri KE-ko jubenilen delegatua izan nintzen aurrena. Ohar hartzailea nintzen. Soldadutzatik bueltan hasi nintzen entrenatzaile, 21 urterekin. Gogoan dut, gainera, delegatua nintzenean esan zidatela entrenatzaileak ez zuela inoiz entrenatu taldearekin, eta ea ni hasiko nintzatekeen. Hala hasi nintzen. Nik 21 urte nituen eta jokalariek 16.
Ez zenuen berriz jokatu?
Soldadutzatik itzultzean jokatu nuen Gipuzkoako txapelketa batean. Txapelketa hura prestaketa modukoa izaten zen, denboraldiari begira, baina ez zegoenez fundamentuzko prestaketarik, kuadrillako hiruk parte hartu genuen. Hori izan zen jokalari gisa egin nuena. Ordurako entrenatzaile moduan nengoen.
Taldea osatzea kosta egiten zen?
Helduenetan ez, bai ordea talde gazteetan. Ezer jakin gabe hasi ginen. Garai hartan 16 urterekin hasten zen jendea jokatzen. Gazteagoen taldeak sortu arte urte mordoa pasa ziren.
Beste kirol batzuek presentzia handiagoa zuten?
Ez bereziki. Futbol talderik ez zegoen Zumarraga-Urretxun orduan. Urola hasi gabe zegoen, baten bat Ilintxara joaten zen, baina ez zegoen halako afiziorik. Mendi martxak bazeuden. Saskibaloian arrankatzea kosta zitzaigun, eta urte batean, bat-batean, boom itzela egon zen. Lau talde izatetik 10 izatera pasa ginen. Gaur egun 15 talde ditugu.
Goierri KE-rekin ibili zara beti?
Ia beti, bai. Bi urtez Legazpin entrenatzen egon nintzen, La Salle zenean, gaur egun Andraitz dena. Eta gero itzuli egin nintzen. Urretxu-Zumarragako Ikastolako entrenatzaile ere ibili nintzen, kirol arduraduna nintzelako. Bestela, beti egon naiz Goierri klubean.
Berrogeita hamar urteren ostean, jarraitzen duzu.
Orain dela hiru urte nesken taldea entrenatzen hasi nintzen. Nire emazteak ez zuen nahi, esaten zidan edozer gauza esango niela eta zorrotzegia izango nintzela haiekin.
Oso entrenatzaile zorrotza zara?
Lehenago fama hori neukan. Hiru taldek antzeko hiru opari egin dizkidate urte hauetan: batek sheriff baten estatua txiki bat eman zidan, beste batek sheriff-en izarra, eta beste batek sheriff-en kapela. Zer edo zer izango nuen. Jenio handia neukan.
Eta nola doa?
Oso ondo moldatu naiz denekin azkenean. Beti egoten dira haserrealdiak edo lehiak, denek nahi baitute jokatu.
Zer moduz doa denboraldia?
Omenaldia egin zidatenetik, paliza galantak eman dizkigute. Jokalariek gaizki daramate galtzea, baina nik ikaragarri gaizki eramaten dut. Halere, badakit burua altxatu eta irabaziko dugula. Urretxuko festak irailean izateak, denboraldi hasieran, eragina dauka.
Esaten duzunagatik, lehiakorra zara.
Bai, ezin dut saihestu. Nahiko ondo disimulatzen dut, baina partidak galtzeak gaizki egiten dit.
Urte guzti hauetan, zer desberdintasun nabaritu duzu saskibaloian?
Lehen ez dakit nola aguantatzen zuten. Marine estatubatuarrak izango balira bezala tratatzen genituen, zorroztasun handiz, ironiekin, burlekin… normala zen. Orain asko aldatu da. Taldearen parte bazara, jokatu egin behar duzu bai ala bai. Ni ez nago ados, baina men egiten dut. Lehiaketa bat da eta irabaztera atera behar zara. Lehen, gainera, taldean sartzen bazinen denboraldi amaierara arte geratzen zinen.
Gaur egun ez?
Konpromisoa galdu dela uste dut. Indibidualistagoak gara. Bakoitzak berea egiten du, eta lehen taldearengatik egiten zen. Kirol indibidualek fama gehiago dute: mendi lasterketak, gimnasioa, GAP… Taldeko kirolek eskatzen dute bertan egon beharra, gainontzeko taldekideengan eragina daukalako. Denbora eskatzen du, eta gustura ez bazaude, zaila da denbora hori ematea.
Gazte mailetako saskibaloiaren egoera nola ikusten duzu?
Jende asko dago gazte mailetako saskibaloian lanean, baina geroz eta arazo gehiago daude gaztetxoen mailako taldeak eratzeko. Batez ere, kirola egiteko aukera handiagoa dutelako da, eta lehiakortasuna ez da lehengo berdina. Agian urte batzuen buruan, klub batzuk batu egin beharko gara aurrera jarraitu ahal izateko, taldeak elkarrekin osatzeko.
Noiz arte jarraitu nahi duzu?
Oraindik segituko dut. Klubeko arduradunei esaten diet, talde guztietako entrenatzaileak egokitzeko, eta ni falta denetan jarriko naizela.