Ataungo Torto Gazte Asanblada ekintza desberdinak egiten ari da azken hilabeteetan paella jana eta areto futbol txapelketa kasu. Asteburuan izango du egitarauak jarraipena, Tortobeerfest garagardo festa antolatu baitute gaur. Gogotsu daude astebururako.
Asanbladako kide den Jon Dorronsoro Maiozen esanetan, «azken aldian egindako ekitaldiak ondo joan dira». Oargiko paella janean 60 pertsonatik gora bildu ziren. «Giro aparta izan genuen eta egun polita izan zen. Futbito txapelketari dagokionean, Tortobeerfest bezperan hasiko da eta jada jendea ari da izena ematen. Herriko jende desberdinak eman du izena bertan eta jada bost talde osatuta daude guztira. Ilusioz antolatu dugun ekintza da hau eta elkarrekin kirola eginez ondo pasatzeko aitzakia bikaina izango da».
Gaur, urriaren 20an, garagardoaren inguruan elkartuko dira ataundar gazteak, Tortobeerfest antolatuta. «Duela urte batzuetatik datorren ideia da hau. Konfinamenduaren aurretikoa da ekintza honen erroa. Lagun batzuk elkartu ginen garagardoa egiten ikasteko nahia zela eta. Ikasi eta ingurukoei probatzeko aukera emateko egin genuen lehenengoa», argitu du Dorronsorok.
Oraingo Tortobeerfesta «dimentsio handiagoa duen ekintza da herrian eta jende ugari erakarriko duena asteburu honetan. Iaz jende asko inguratu zen garagardo festara eta aurtengoan dugun aurreikuspenaren arabera, iaz baino jende gehiago ibiliko delakoan gaude». Garagardo desberdinak ekarriko dituzte, «bertako produktuak».
Ohiko ekintzekin
Garagardo festa amaitutakoan, «aurrera ere, ekintza desberdinak» egiten jarraituko dute, «batez ere ohiko ekintzak». Dorronsorok aurreratu duenez, «kontzertuak egingo ditugu Oargin ohi bezala, Oargiko Ostiraletan. Ondoren, San Martingo festak datoz eta beranduago ere jarraituko dugu ekintza desberdinekin ataundarrei ekarpena egiten. Urteroko kontuetan zentratuko gara batez ere, hala nola, Gazteburue, bertso-afariak eta herriko gazteentzako bestelako eskaintzak».