Joxe Begiristain • Irakurzalea
Zalantza izan dut oraingoan zein liburu hartu hizpide. Ez, ordea, zein idazlerena. Aspaldi nuen gogoa Castillo Suarez idazlearen idazkeraz aritzeko. Spam poemak izenekoa irakurri nionetik (duela ia-ia 20 urte!) huts egiten ez didan idazlea dut Castillo Suarez. 20 bat liburu baditu argitaratuak, baina nik poesia liburuengatik ezagutzen dut. Elurra elurraren gainean beste atal baten sailkatzen du berak (Helduendako albumak), niretzat poesia bete-betea bada ere hasi eta bukatu, enkarguz egindako idatziak, omenaldietako testuak eta bestelakoz osatutako altxorra. Eta, ordea, liburu bat azpimarratzekotan, nik, Irautera izenburukoa: ez naiz aspertzen, mesanotxean dudan hau behin eta berriz irakurri eta hausnartzeaz.
Idazle sakanarraren liburu bakoitzean eta guztietan aurkitzen dut, irakurtzen aurrera segitu aurretik nahitaez gerarazten nauen esaldi, hitz-joko edo ideiaren bat. Sekula santan burutik pasatu ez zaidan zerbait diolako edo, alderantziz, inoiz niri ere gertatu izan zaidana nola jaso duen harrituta, irribarrea eragingo didalako, edo zergatik ez, zerbait tristea gogoraraziz goibelduko nauelako.
Irautera liburuari izenburu horri jarri izanak, ‘Bizi, eta ez iraun’ esapidea etorri zitzaidan burura, baina liburua lehenengo aldiz irakurri nuenez geroztik, irautea eta bizitzea zertan alderaturik ez dagoela jabetu nintzen, bizitzearen aldean irautea gutxietsi beharrik gabe. «Maite ez dituztenengandik ihesi doazenekin betetako tokiak» aurkituko ditu irakurleak liburuan, edo «iluntzen duenean ondoan norbait (bakardadea bada ere) izatea beharrezkoa» dugunok beti egongo garelako iraun behar duenaren alde, «ez eman aukeratzera egiaren eta maitasunaren artean».