Urria fruituak eta uzta biltzeko garaia izaten da. Negu gorriari aurre egiteko elikagaiak biltzeko garaia, alegia. Besteak beste, urrak, sagarrak, intxaurrak, artoa, gaztainak, hostoak eta lastoa, eta abar… Sagardoa, txakolina eta ardoa ontze bidean dira dagoeneko sagardotegietan eta upategietan. San Martin eguna, berriz, azaroaren 11, txerria hiltzeko garaiaren hasieratzat hartzen da. Negu gogorrerako elikagai garrantzitsua izan da txerria urte askoan Goierriko baserri askotan. Azarotik martxora bitartean hiltzen dira txerriak, ilbeheran, urte osorako jana ziurtatzeko. Artzainak menditik herrira jaisteko garaia ere bada, negua beheko larreetan igarotzeko. Azken egunotan ari dira Goierriko artzainak artaldeak herrietara jaisten.
Goierriko festak eta azokak
Osagai guzti horien emaitza dira Goierriko hainbat herritan egingo diren San Martin jaiak eta San Martin azokak. Araman (azaroaren 8tik 12ra) eta Ataun San Martinen (azaroaren 9tik 12ra) dituzte jai nagusiak; eta Zegaman, San Martin azoka, San Martin egunean bertan, azaroaren 11n. Odolki zein mondeju lehiaketak.
Astebete lehenago, Beasainen odolki lehiaketa (azaroaren 4an) jokatuko da eta Mutiloan Txerri Azoka ospatuko dute (azaroaren 5ean), txerria eta txerrikia eguneko protagonista nagusia dela.
Horiei guztiei jakina, gaztaina erre janak gehitu behar zaizkie; ohikoa baita Goierriko herrietan, azaroaren 1aren inguruan, lagun artean eta familia giroan gaztaina erre janak egitea. Eta nola ez, babarrun janak ere ezin dira ahaztu. Mahaiaren inguruan elkartzeko aitzakiarik ez dago, beraz.