Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Liburu bat irakurtzen hastera zoazenean garrantzitsua da pausa bat. Itxarote bat. Arnas hartze bat. Eta une hori gozatzea. Momentu hori usaintzea. Usaintzea beldurra edo kezka edo poza edo urduritasuna. Liburu bat gustatu bazaizu, eta liburu hori idatzi duen idazlearen beste liburu bat irakurtzera bazoaz, liburu berria irakurri aurreko instantean hartu berriro gustatu zitzaizun liburu hura eta itxi begiak. Egin itsu-plantan irakurketa azkar bat. Prestatu altzoa irakurketa berrirako. Ireki, zabaldu sabela bihotzeraino. Jaitsi birikak magal parera eta bete arnasa.
Oihane Amantegiren Cayo hueso liburua irakurtzeko irrikitan nago, baina liburua hartu aurretik bere aurreko liburuaren bila aritu naiz nire baitan. Izugarri gustatu zitzaidan Ibaiertzeko ipuina. Delikatua. Goxoa. Zuzena. Zurruna. Plisti-plastakoa. Heriotza oso presente duen eleberri laburra da ibaiaren ertzean gertatzen dena kontatzen duen hau. Eztia, ama, umea, umearen bikia, dagoena eta ez dagoena, joan zena eta azaltzen dena… Begirada horren indarra eta aldi bereko ahuldadea, begirada horren borroka eta aldi bereko etsitzea, begirada horren benetakotasuna. Haurraren inozentziak heldutasunez aztertzen ditu ertzak. Ibaiarenak. Eta ipuin bihurtzen. Saretze eder bat da hariak josiz Oihanek eskura jarritakoa.
Batzuetan gertatzen da denbora igaro ahala irakurritako liburu haren xehetasunak ahaztea, erritmoaren doinua bere horretan ez gogoratzea, edo azken puntuaren isiltzea ikusteko zailtasunak izatea. Baina horiek huts egin arren, liburu hori zure liburuetako bat dela sentitzen baduzu, edonori gomendatzeko liburuen zerrendan sartzekoa izango da. Halakoa da Ibaiertzeko ipuina.