Andoni Salamero Alberdi • Zumarraga
Zumarragako argazki bat hautatzeko esan didate Goiberrikoek, eta neuk argazki hau aukeratu dut. Bertan, Zumarragako trikitixa lau haizetara zabaltzen jardun diren kide batzuk daude, ez guztiak, bestela luze joko luke zerrenda guztia hemen osatzeak. Argazkian: Severen, Joxe, Inixio eta Migel Urteaga anaiak ikus daitezke Joxe Miel Ormazabalekin. Une berezirako bostak prest daude, pintxo-pintxo jantziak, geldi, argazki-kamerak klik eginda, betikotuak izateko.
Soinuak eta panderoak eskutan dituztela, lanerako pronto daude, eta hainbatetan, hauek hala nola beren familiako trikitilari guztiek –askotxo baitaude– egin duten antzera, erromerietan, dantzalekuetan, edozein euskal jaialditan bazterrak alaitzen ikusi ditugu, eta nola! Itsasontziak itsasoan marrazten duen ubera bezala, herri izana eta izena zabaldu dute beren pentsamenduen, sentimenduen, portaeren hala nola ekintzen bidez. Haien kantu askorekin poztu gara, negar egin dugu, nahiezen bat izanda, kontsolatu gara, gizartearen aldaketa ugaritan, musikaz, emozioak eta sentimenduak kudeatzeko lan itzela egin dute, eta neuk, zinez, horixe eskertu nahi diet idazki honen bitartez, izan ere, gutako bakoitza, bere eremuan, bere gaitasunei jarraiki, sentitu, bizi eta maitatzen duguna plazaratuko bagenu, beste kuku batek joko liguke, zalantzarik gabe.
Elkarri lagundu
Edonork bere gaitasuna lantzen duenean, trikitilariok bezala, «maite» dugun ezer egiteko ahaltasuna erakusten dugunean, elkarri lagundu behar genioke, hain zuzen, pertsona bakoitzak duen ahalmena bultzatuz, talentu hori garatuta indargune bihurtuz, norberaren barrua ahalduntzen dugu, eta, ondorioz, pertsonaren nortasuna sendotzen. Ze ekimen bikainagorik bakoitzaren dohain horiek bultzatuko bagenitu, ez genituzke horrenbeste barru gutxietsi eta baztertu ikusiko.
Trikitilariotan antzematen den ilusioa, gogoa, eskutan dituzten lanabesak atseginez, harrotasunez heltzen dituzten bezala, halaxe egin behar genuke bakoitzak «garena» erakutsi behar dugunean. Uste dut merezi dugula, guztiok garen herria maitatzeko halako sentipen garden, atsegin eta samurra edonon erakustea. Zinez, bakoitzak izanagotzen duena kaleratu behar duela iruditzen zait, ez baikara ezinean makurturik barrua makaltzeko jaioak. Ondo baino hobeto hori egiten badakigu, geure beldurrak gaindituko ditugu, eta ondorioz, askeagoak izaten ikasiko dugu.
Gozatua
Hargatik, irakurle, bihotz-hauspoa ireki eta itxi, zure barrua, behin eta berriz, alaitasunez astindu, eta plazara ezazu «zaren» hori, iragan batean boskote honek, eta gero haien etxeko trikitilari guztiek, jendearen bihotzak alaitzera bultzatu zuen nahimen hura bezala. Ea hori egiteko bide duzun! Jakizu, zure poza ez dela zurea bakarrik izango, guztiok ukituko gaitu, eta gozatua ere gurea izango da. Eskerrik asko!