Pandemia garaian aktibatutako mobilizazio prozesuaren emaitza da azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorra. Herri mugimendu, sektore eta eragile ezberdinekin elkarlanean josita, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarria izango da.
Martxoaren 8an, Emakumeen Egunean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen Bilbon, aurreko hilabeteetan lantzen ibili zen mobilizazio eta aldarrikapen prozesuaren berri emateko. Orduan jakinarazi zuten azaroaren 30erako Greba Feminista Orokorrerako deialdia zabalduko zela, zaintzaren problematika erdigunean jarri eta zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzeko.
Pandemia garaian aktibatu zuten Euskal Herri luze eta zabaleko talde feministek prozesua, eta 2022ko otsailean Gasteizen elkartu ziren, Denon Bizitzak Erdigunean lelopean mobilizazio prozesua martxan jartzeko. Prozesu horren ekitaldi nagusia da Greba Feminista Orokorra, herri mugimendu, sektore eta eragile ezberdinen artean josia izan dena. Herriz herri, auzoz auzo, herrialdeka zein eskualdeka antolatutako deialdia denez, eremu bakoitzeko talde feministek tokian tokiko beharren eta testuinguruaren araberako irizpideak ezarriko ditu greba eguna diseinatzeko. Elkarlan horren isla da urrian sinatutako Herri Akordioa, sinatzaileek adierazi bezala, «zaintza sistema publiko komunitario berri baten beharra plazaratu eta egungo zaintza erregimen sostengaitzaren irakurketa konpartitu bat egiteko» osatu zena. Talde feministak, giza eskubideen aldeko elkarteak, pentsiodunen aldekoak, euskalgintzakoak, sindikatuak, ikasleak… sektore ezberdinak barnebiltzen ditu adostasunak: Pentsiodunen Mugimendua, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Zaintza babesten elkartea, Emakumeak Gerraren Aurka, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Ernai, Sare, Lehen Arreta Asnarberritzen, SOS Arrazakeria, Euskalgintzaren Kontseilua, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, EHNE, Gure Esku, Mugarik Gabe edota Euskal Herria Kolonbia daude sinatzaileen artean.
Ekimen berria da. Lehen aldiz deitu dute horrelako greba batera, lanuzte bat izatetik harago, ehun produktibotzat hartzen denaz gain zaintza esparru osoaren berrantolaketa planteatuko baitute. «Pertsona guztiek, bizitza osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu», azaldu zuten akordioan. Zaintzaren pribatizazioaren aurka eta familiarizazioaren aurka, zaintzaren ardura gizarte osoarena dela aldarrikatu nahi dute, zaintzarekiko ikuspegia aldatzeko eta zaintza sistema bera eraldatzeko. «Zaintzen merkantilizazioa, pribatizazioa, esplotazioa, kapitalaren espekulazioa eta beste negozio-nitxo bat bihurtu izana» salatuko dute.
Zaintzarako eskubide kolektibo baten aldeko apustua egin nahi dute, mendekotasun egoeratik harago, «erabakitzeko gaitasunari» garrantzia emanez: «Zenbat, nola eta nork zaindu behar gaituen, zaintzeari ezetz esateko eskubidea ere barnebilduz». Ez zaintzearen pribilegioari uko egiteko deia izango da, gizartea osatzen duten guztiei zabaldutakoa: arlo guztietako soldatapeko langileak, langabeak, ikasleak, pentsiodunak… emakume eta gizonak. Zaintza sistemaren egitura errotik aldatu nahi dute, eta gogorarazi eta nabarmendu, zaintzak emakume aurpegia duela. ELAk argitaratutako datuen arabera, emakumeek beren gain hartzen dituzte ordaindu gabeko zaintza lan gehienak. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, emakumeek 2,1 ordu ematen dituzte egunean etxeko lanetan, eta gizonek 1,6 ordu; emakumeek 4,7 ordu ematen dituzte seme-alaba adingabeak zaintzen, eta gizonek 3,6 ordu; eta emakumeek 2,3 ordu ematen dituzte egunean laguntza behar duten pertsonak zaintzen, eta gizonek, berriz, 1,7 ordu.
Era berean, zaintza lanen errekonozimendu eskasa dela eta, inork egin nahi ez dituen lanak dira, baldintza txarretan. Herri akordioan azpimarratu bezala, «generoa, arraza, klase soziala eta jatorriaren ardatzek zeharkatzen dute». Emagin elkartearen datuen arabera, soldatapekoan, emakumeak dira etxeko langileen %80, %29,9 egoera administratibo irregularrean daude, %50ak ez du babes ekonomiko nahikorik, eta barneko erregimenean lan egiten dutenen %93 eta %99 artean emakume etorkinak dira. Sektoreko lan baldintzak duintzea ere eskatuko dute.
Grebatik kanpo
Zaintza zeharkatzen duten ardatzen harira, hainbat emakumek agerraldia egin zuten azaroaren 11n pertsona arrazializatuen, migratuen eta ijitoen elkarteen izenean. Grebaren aldarri nagusia den zaintza eskubide kolektiboaren alde agertu diren arren, ez dute grebarekin bat egingo, ezin dutelako. Greba «estrategia baztertzailetzat» jo dute, «sektore arautu gabeetan edo babes sindikalik gabekoetan lan egiten» duten heinean, grebarako «baldintzarik ez» dutelako. «Ondorioz, greba al da zaintza krisia salatzeko tresnarik egokiena?», galdegin zuten. Grebarekin bat egingo ez duten arren, grebaren testuinguruko hainbat aldarri babestu dituzte, besteak beste, paperik gabeko migratzaileak erregularizatzea, erroldatzeko bideak erraztea, etxeko langile egoiliarren lana desagerraraztea eta asteko 35 ordura jaistea zaintza lanaldiak.
Goierriko ekitaldiak
Grebari atxikimendua adierazi dioten eskualdeko eragile eta taldeek agerraldia egin zuten asteartean, Beasainen. Lazkaotik, Beasaindik eta Ordiziatik zutabe bana aterako da greba egunean, eta Ordiziako Barrena parkean izango da ekitaldi nagusia, 19:00etan.
Itaiak deialdi eta mobilizazio propioak egingo ditu egun bererako, Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean. Kaleak hartzeko deia egin dute, «esplotazioaren kontura bizi diren enpresa eta erakundeei seinalatu eta emakume langileon interesen defentsan antolatzeko».
Eragileen iritziak
Sara Arruabarrena – Maider Avaristo • Goierriko koordinadora feminista
Arantxa Corrales • Euskal Herriko Pentsiodunak
Haizea Mendia • LAB sindikatua