Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Adin txikikoen artean mugikorraren erabilera eguneroko eztabaida den honetan esperientzia zirraragarria bizi izan nuen aurreko astean. Mobila etxean ahaztu eta handik 50 kilometrotara konturatu nintzen. Zorionez helmugara iristeko ez nuen behar izan; nabigatzailerik gabe abiapuntura iristeko gero eta txepelagoak garen arren. Baina behin kotxetik jaitsita ez nekien zehatz-mehatz nora jo. Senak edo Ama Birjinak eta bere kofradiakoek lagunduta iritsi nintzen tokira. Tartean zera pentsatu nuen: bidean galdu eta atzeratuz gero, ez nuela nola abisatu. Begira noraino ohitu garen horretara ere, ezta?
Behin saioa bukatuta hango arduradunek urgentziazko deiak egiteko telefonoa eskaini zidaten. Ez nuen presazko abisurik eman behar; baina hori ere bitan pentsatu behar izan nuen. Zer da bai ala bai jakinarazi behar duguna? Agian lehen jakintzat ematen zena? Zer da mugikorrean, ordenagailuaren bertsio txikian, begiratu edo kontsultatu behar nuena? Zein zen ordubetez itxaron ezin zuen mezua?
Kafetxo bat hartzeko denbora nuela ohartuta horixe egitera joan nintzen. Taberna topatu, kafea eskatu, eseri eta ezin nuen burua makurtu eta nire mugikorrean ezkutatzeko aukerarik izan. Zentzu guztiak, gorputz osoa, erabateko arreta nire inguruarengan. Bueltatzerakoan ere ez nuen maps-a behar izan, baina bat-bateko urduritasun eta ezinegona sentitu nuen. Eta norbait nire bila ezin topatuta ari bada? Eta nire lankideak urgentziazko gairen bat esku artean badu? Eta nola burutuko ditut egiteke ditudan kortesiazko dei antzuak? Eta Inikaren bat iristen bada? Eta etxekoren batek deitzen badit?
Hara, bueltatu nintzen bada. Ez zegoen deirik eta eskaintza berezia izenburua zeraman energia konpainia baten mezua nuen, besterik ez. Etsipen puntutxo bat izan nuen; ez naiz ba horren beharrezkoa. Eta lasaitasuna ere bai; mugikorra etxean ahaztuta joan naiteke eta mundua ez da geldituko.
Egia esan, aspaldi hartu dudan kaferik lasaigarriena izan zen egun hartan hartu nuena. Ez zen aparteko ezer gertatu taberna hartan baina bertan jazotakoa puntuz puntu irudikatu nezakeen; azken aldian buruan dena nahastu eta erdia ahazten dudan arren. Izan ere, hantxe nengoen, osotasunean.
Handik hona ez dakit adin txikikoen erregulazioaren alde egin, edota talde horien eztabaidetatik eratorritakoa nire adinekoen artera ere aplikatu dadin proposatu. Ez dakit auto-erregulaziorako gaitasuna ote dugun haur hauen gurasoek.
Zalantza hau google-ekin partekatzekotan nago. Banoa mugikorrera, erantzun eske.