Umorea oso positibotzat daukagu, baina benetan positiboa da beti? Non daude umorearen mugak? Zer da umorea eta zer ez? Galdera hauei eta gehiagori erantzungo diete biharko Beasaingo Gazte Asanbladak Arrano Kulturarekin elkarlanean antolatu duten memegintza tailerrean.
Zer dira memeak? Nondik datoz? Umorea izan behar dute derrigor? Galdera ugari dituzte Beasaingo gazteek gai honen inguruan eta horiek argitzera bidean, bihar udaletxeko bilera gelan elkartuko dira, teoriaz zein praktikaz aritzeko. «Sarean euskarazko eduki gutxi dagoenez» hausnarketa batzuen ondoren tailer hau egitea «egokia» izan zitekeela ikusi zuten eta honen antolakuntzan murgiltzea erabaki zuten bi eragileek. Une oro argi izan dute «kulturatik eta gaztetasunetik» egin nahi izan dutela hau. «Memeak umorerako erabili izan dira normalean eta hauetan uste baino eduki gehiago ezkutatzen da maiz, baina entzun izan dugu baita ere meme bat izateko ez duela zertan umorea izan».
Euskarazko edukiak sortzea
Kontuak kontu, Beasaingo Gazte Asanbladak eta Arrano Kulturak Beasaingo gazteriari tailer hau eskaini nahi izan diote, «euskarazko edukiak sortzera bidean» bultzada izan dadin. «Sormenaren aktibazio» gisako zerbait izan daitekeela ere aipatzen dute. Horrez gain, «goiz polit bat pasatzeko asmoz» daude eta «zerbait berria ikasiko dutela» ziur daude. Gainera, arlo honetako erreferente «gutxi» ezagutzen dituztela diote eta hauek ezagutzeko aukera ere izango dute bihar.
Goiz batez «umorea sarean lantzearekin batera umorearen sare bat sortuko dugu», diote antolatzaileek eta kultura digitalean «horren garrantzitsua den» eta gazteen artean «asko nabarmentzen den» teknika honetan trebatuko dira. Bertara gerturatzeko deialdia zabaldu nahi izan dute herriko ikastetxe zein gazteen artean. Tailerraren ondoren mokadutxoa izango dute.