Beasaingo Paperak bildumaren 31. alea ondu du Elizabeth Blarduni Cardonek (San Luis, Argentina, 1949), Beasaingo San Migel Klinikaren inguruan. Bertan egindako ibilbideaz, garai hartako Goierriz, eta bestelako kontuez mintzatu da.
Argentinan jaioa, nolatan erabaki zenuen Goierrira etortzea?
Batez ere, bidaiatzea gustuko dudalako. Beste mundu batzuk, beste jende batzuk, beste bizipen batzuk ezagutu nahi nituen. Baina, gainera, 1976-77-78 urteetan, diktadura militar iluneko urteak ziren. Lan egiteko, askatasunez bizitzeko… oso egoera zaila zen. Oraindik 1978ko Munduko futbol txapelketako txaloak entzuten zirela eta Videla buru zuen Junta Militarreko jauzien hotsarekin atera nintzen ni herrialdetik.
Nola oroitzen duzu urte haietako Goierri?
Segituan konturatu nintzen lurralde honek ez zuela batere antzik nik Espainia bezala ezagutzen nuenarekin. Itsasoaren beste aldean neuzkan gurasoei gutun bidez kontatzen nien, hemen, emakumeek ez zutela krabelinik ilean eta ez zituztela sevillanak dantzatzen. Ezagutzeko asko banuen ere, berehala gustatu zitzaidan.
Eta festaz festa ibilita ezagutu nituen inguruko herriak, oso anfitrioi onekin gainera. Laster jakin nuen San Migel santurik parrandazaleena zela.
Lan-arazoez ere ohartu nintzen. Ugariak ziren grebak eta manifestazioak. Baina Argentinan ez bezala, erabakiak hartzeko batzarrak deitzen ziren hemen. Beste egoera batetik nentorren eta arreta ematen zidan.
Medikua zara, bokazioz edo familia tradizioagatik?
Bokazioa da nirea. Nire etxean, emakume guztiak, nire ama barne, maistrak izan ziren. Nik ere irakaskuntza ikasi nuen lehenengo, baina amaitu nuenean, medikuntza ikasi nahi nuela esan nien gurasoei. Begiek arreta ematen zidaten, eta oftanmologian espezializatzeko helburuarekin hasi nituen medikuntza ikasketak. Baina azkenean pediatria egin nuen, betiko harrapatu ninduena. Cordoba-Argentina hirian, unibertsitate publiko batean, doako irakaskuntza laiko batekin ikasi nuen medikuntza. La Docta du izena, herrialdeko unibertsitate bakarra izan zelako mendeetan. Herrialdeko zaharrena da eta Amerikako lehenetarikoa.
Beasaingo San Migel Klinikan lan egin zenuen. Nola gogoratzen duzu?
Hona iritsi nintzenean lana eman eta profesional eta pertsona bezala garatu nintzen lekua da. Aspaldiko nire lagun Ana Maria Palmieri zegoen bertan lanean. Buenos Aires probintziaren hegoaldean, Mar de Platako erresidentzia pediatrikoan formakuntza egin genuen biok eta hantxe ezagutu genuen elkar. Haren bidez ezagutu nuen, San Migeleko kudeatzailea zen Eukeni Lasa, eta berehala kontratatu ninduen.
Zein zen zure lana klinikan?
Iritsi berritan, Ana Maria egiten ari zen lanera batu nintzen. Ni Klinikan gehiago, eta Ana Mariak kontsultorio kirurgikoan pasatzen zuen kontsulta. Goizetan, jaioberriak eta pediatriako ospitaleratzeak artatzen nituen, eta arratsaldeetan, larrialdietako kontsultak.
Nolakoa zen medikuntzan lan egitea urte haietan?
Iritsi nintzenean, arreta deitu zidan gauzetako bat izan zen, haurrak zazpi urte bete arte artatzen zituztela hemen. Ni beste errealitate batetik nentorren.
Zoragarria izan zen, nire lanbidea garatzeko aukera izan nuelako, pertsona paregabeen ondoan gainera. Hasieran, Ana Mariaren ondoan, Argentinara itzuli zena, eta orduan ezagutu nuen Josi Zudaire, pediatria bokazio zuena ere. Zorteko sentitzen naiz, karta zuria eman zigutelako eta ahal genuen guztia egin genuelako pediatriaren espezialitatearen barruan, 70ko hamarkada amaiera eta 80ko hamarkada hasierako klinika hartan: jaioberriak erditzetik artatzea proposatu genuen, eta hilabeteko 15 eguneko guardiak egin genituen klinikaren itxierara arte; edoskitzea bultzatu genuen; aholkuen liburuxka egin genuen; adin gehiagoko pediatriako ospitaleratze gutxi izaten ziren, eta Donostiara lekualdatu behar izaten genituen eta hara eramandako haurraren jarraipena egiten genuen; anbulantzian, pediatriako lekualdatzeren batekin bidaiatzera iritsi ginen, baina jakina, ez zegoen medikalizaturik, baina anbulantzia-zerbitzua benetako salbazioa zen Goierriko herritarrentzat…
Beasaingo Paperak bildumaren 31. edizioa aurkeztu berri duzu, San Migel Klinikari buruzkoa hain zuzen ere. Zer ekarri dizu lan horrek?
Atsegina izan da, hasieratik jakin-min handia izan nuelako osasun erakunde bihurtutako etxe horren jatorriari buruz. Erretiroa hartu ondoren, Marixol Alkaiaga ezagutu nuen, lan hau egitera animatu eta prozesu osoan laguntzen izan dudana. Lan neketsua baina oso pozgarria izan da, eta pandemia betean, entretenigarria ere.
Liburuan jasotakoaz, zer nabarmenduko zenuke klinikari buruz?
Klinikaren barruan eta kanpoan izan zirenen memorietan arakatuz egindako ikerketa bat da, eta hiru kapitulutan egituratuta dago; jatorria, bilakaera eta amaiera.
Ikerketaren bidez, klinikaren etapa bakoitzeko protagonistak ezagutu ditut, eta oker gabe esan dezaket, medikuntza pasioz bizi eta herritarrak artatzeko bokazioa izan zutela. Haiek gabe, klinika hau ez zen izan zena izango.
Aurkezpenaren egunean benetan hunkituta zeuden. Zer dela eta?
Aspaldiko desio bat betetzen ari nintzelako, eta gainera, Igartza Jauregia jendez bete zelako, ezagunak ia denak. San Migel klinika eta Goierri aterpe izan dira niretzat, familia euskaldun bat dut orain, pediatra gisa aritzeko eta garatzeko aukera eman zidan tokia da, etxe bakoitzean dagoen gauzarik politena ezagutzeko aukera ere eman zidan… Horregatik, liburua idaztea eta aurkeztea izan da, eskerrak emateko modu bat.
Klinikaren itxierara arte, duela 40 urte, bertan lan egin zenuen. Non jarraitu zenuen zure ibilbide profesionala?
Gizarte Segurantzako, Osakidetzari hala esaten baikenion, anbulatorioetan, han eta hemen ibili nintzen; Beasainen, Ordizian, Legazpin, Bergaran, Oiartzunen, Zarautzen, Antzuolan… Nire pasioa bidaiatzea dela esan dut, ezta? Guardiak ere egiten nituen Arrasateko ospitalean, eta aparteko lankideak izan nituen han ere.
Baina aldi baterako lanak ziren, eta nolabaiteko egonkortasuna emango zidan lan bat behar nuen. Hala, nire lagun Josi Zudairek eta biok, kontsulta pribatu bat ireki genuen, Ordizian. Oso gustura lan egin genuen bertan, nahiz eta guretzat osasuna publikoa eta unibertsala izan behar zuen. Medikuntza pribatuan ibilbide hark, Osakidetzan lanpostu bat lortu genuen arte iraun zuen, eta han hartu genuen erretiroa biok.
Aldaketa handia izan zen zure bizitzan?
Etxebizitzari dagokionez, Lazkaon, Beasainen, Olaberrian bizi izan naiz, Ordizian asentatu nintzen arte, baina ez nintzen inoiz Goierritik joan. Eta lanbideari dagokionez, aukera izan nuen arlo desberdinetan jarduteko; lehen mailako arretan, lehen mailako larrialdietan eta ospitaleko larrialdietan, harik eta Zumarragako Ospitalean lan egiteko aukera iritsi zitzaidan arte, eta hau izango da nire behin betiko tokia, non lan talde handi bateko parte izan nintzen. Benetako familia bat da eta bakoitzak bere eginkizuna du.
Zer nabarmenduko zenuke zure ibilbide profesionalaz?
Hiru hitzek laburbiltzen dute; zoriontasuna, zoria eta esker ona. Zoriontasuna, pediatra bat naizela esanez hilko naizelako. Zoria, prestatu nintzen hartan lan egin ahal izan dudalako. Eta esker ona, profesional gisa eta pertsona gisa are gehiago irakatsi didaten lankideak izan ditudalako.
Zer bilakaera izan du pediatriak, lanbidean hasi zinenetik?
Pediatrak pazienteekin eta familiekin duen harremanak ez dira aldatu, baina bai patologiak eta horien tratamendu terapeutikoak. Ikerketari esker ezagutza gehiago dugu, teknologia ere asko aurreratu da, eta eskerrak hala den.
INMA bezalako proiektu aitzindarietan lan egiteko aukera ere izan duzu, besteak beste.
Arrazoi duzu, proiektu aitzindaria eta oso berritzailea baita haurtzaroa eta ingurumena aztertzeko, eta proiektuaren hasieran parte hartu genuen. 2006 urtean, Zumarragako Ospitaleko Ginekologia Zerbitzua eta Pediatria Zerbitzua inplikatu ginen. Haurdun zegoen ama kontrol ekografikoan harrapatzen zen, eta erditzeraino jarraitzen zitzaion. Erditzean, guk pediatrek jaioberriak aztertzen genituen, haien antropometria eta odol-laginak jasotzen genituen, kalostroa, plazenta, ilea… Haurrak 17 urte bete arte egiten da jarraipena. Emaitza interesgarriak lortu dira.
Lankidetza proiektuetan ere parte hartu duzu, Nwina proiektuan, adibidez.
Josi Zudaire eta Amaia Aristizabal pediatrekin, eta Myriam Berruete familia medikuarekin joan nintzen, Yoire gobernuz kanpoko erakundearen bidez, Mozambikera. Helburua zen, desgaitasun psikofisikoren bat zuten eta arazo sozial larriak zituzten laguntza zentro bateko haurrak artatzea eta prestakuntza eskaintzea bertako profesionalei. Erditzean Urrezko Minutuari buruzko ikastaro bat eman genuen jaioberriek lesioak izateko arrisku gutxiago izan zezaten, beste gauza askoren artean.
Horrelako proiektuetan parte hartzea oso aberasgarria da; ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu. Kalkutako Ama Teresak zioenarekin gogoratu naiz maiz: ‘Batzuetan, egiten duguna itsasoan tanta bat dela sentitzen dugu, baina itsasoa txikiagoa izango litzateke tanta hori gabe’.
Zure ibilbidean zehar ba al dago modu berezian markatu edo txunditu zaituen zerbait?
Elikadura nahasmendua zuen neskato batek, guardia zibil baten moduan irudikatu ninduen marrazki batean. Oso gogorra izan zen!
Mozambiken egon nintzeneko irudi bat ere zizelkatuta dut, hil zorian zegoen haur baten begirada. Uste dut errukia zer den ulertu nuela orduantxe. Erlijio sinesmenak dituzten pertsonek bertute gisa hartzen dute errukia, baduena edo ez duena daude. Baina jarrera laikoak, gizakiak duen gaitasun bati buruz hitz egiten du, finkoa eta estatikoa ez den tresna bat bezala, ikasi, entrenatu eta garatu daitekeena, eta heltzen goazen heinean eskuratzen joan behar duguna.
Mundua ezagutzeko begia izan da zinema
Lanbidea alde batera utzita, zinema da Elizabeth-en pasioa, eta zinefilo amorratu honentzat, Donostiako zinemaldia, galdu ezin den hitzorduetako bat da. Komeriaren bat edo beste ere kontatu du. «Lan egiten nuenean, oporretako egunak gordetzen nituen Zinemaldiko astean jaiegunak hartzeko; Donostiara joan eta goizean goizetik gauera arte, ahal nituen film guztiak ikusten nituen egun berean, azkenean ez nekiela zer ikusi nuen ere. Sarri, film baten eta bestearen artean, prentsaurrekoetan isilka sartzen nintzen, eta noizbait, kazetariren bati ere sartu nion ziria. Artista argentinar bat nintzela esan nion», aitortu du irribarre artean. Artista onentsuenen antzera, alfonbra gorrian erretratatua ere ezin falta, ikus daitekeen moduan.
Lanbidea ez bezala, zinemarena bai, «herentzia familiarra da, amaren aldetik, betidanik ezagutu dut zinemarako afizio ikaragarria», azaldu du. «Umetan adibidez, Argentinan, goizeko sesioan, bi film botatzen zituzten, bata bestearen segidan. Sarri, 14 urtetik gorakoentzat izaten ziren. La maja desnuda, izan zen horietako bat, eta zigortuta, ez dakit zenbat astetan geratu nintzen zinemara joan gabe».
Pelikula bat gomendatzekotan, «bat bakarrik? zaila!» dio, «Clint Eastwooden filmografia osoa, Los puentes de Madison, Memorias de Africa…abentura zalea naiz» dio, baina «zinema beltza» ia gustukoago du. «Testigo de cargo!»,bota du azkenean mihi puntan katiatuta izan eta gero. «20 aldiz ikusiko nuen».
Bidaiatzeko gogoa eta zinema eskutik doaz. «Zinemarekin hazi naiz, nire belaunaldiarentzat, beste herrialde, kultura, eta egoera batzuk ezagutzeko begia izan da, mundura begia».