Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Palestinari buruzko hitzaldi batean gogoratu ziguten Israel estatuarekin kolaboratzen ari diren multinazionalekiko boikot kanpainak duen garrantzia. Ikusten denez, egoera aldatzeko gaitasuna duten munduko botere nagusien jarrera lotsagarria kontuan hartuta, sarraskia geratzeko aukerak urriak dira, eta sistema kapitalista honetan kontsumitzaileek era antolatu batean izango genukeen indarra ikaragarria da.
Multinazional hauen kasuan, ez bada Israelekin kolaboratzen dutelako, izango da Amazonia ingurua txikitzen ari direlako edo umeak ustiatzen ari direlako edo egokitzen zaien estatuko ultraeskuindarrekin lotura dutelako. Kontsumoa murriztea eta enpresa txikiago zein gertukoen markak erosteak gehiegikeria gutxiagoetan parte hartzeko aukera ematen digu.
Elikagaien kontsumoari dagokionez, bidezko erosketak egiteko garaian, informazioa nahasia da, marka eta logo asko daude atzean ekoizpen ereduan aukera iraunkorragoa eskaintzen ez dutenak. Baina era berean, gure erosketa aukerarekin herria garatzeko bideak baldintzatzen ari gara egunero.
Orain dela gutxi, EITBk atera dituen datu batzuen arabera, Autonomia Erkidegoan kontsumitzen dugun produktu freskoaren %13a bakarrik da bertakoa. Egoera honetara iritsi izanak zerikusi handia du elikagai freskoen erosketa gehienak azalera handiko gunetan egitearekin, erosketa eredu zuzenagoak egoera burujabeagoa marraztuko luke.
Datu horretan gainera, ez da kontuan hartzen elikagai fresko horietako kasu askotan, ekoizteko lehengaiak oso urrutitik datozela, bertako arrautzak, haragia edo esnea sortzeko pentsuak, adibidez (Amazoniatik, ekialdetik…), zenbat kilometro egin dituen eta nola ekoitzi den (zenbat erregai fosil, kimikoak eta abar). Horiek deskontatuz gero, datua are eta eskasagoa litzateke. Baina kontua ez da pena hartzea dugun egoeragatik, penak pena dakar!
Data hauetan urteroko zurrunbilo kontsumistan murgilduta gaude, komunikazio hedabideetan eta kalean elikagaien prezioa ohiko hizpidea da. Elikagaien prezioa zenbat igo den, angula zein itsaskien prezioak, zer elikagai berezi erosi behar ditugun, eta abar. Interesgarria litzateke, diru gehiago gastatu gabe, prestatu behar ditugun otorduak garaiko elikagaietan oinarritzea eta ekoizpenari buruzko informazio oinarrizkoa biltzen saiatzea. Produktu freskoak bertatik bertakoak, garaikoak eta posible bada ekologikoak edo/ta arrainaren kasuan bidezko tekniken bidez harrapatuta.
Horretarako, kontraesanik sortzen ez dituzten, zuzenagoak diren eta elikagairik freskoenak eskaintzen dituzten erosketa bide asko ditugu Goierrin.