Egoitz Iztueta Sukia •Irakaslea
Zenbaki bakoiti batetik zenbaki bikoiti batera jauzi egin dugu. Zenbaki lehen (bi zatitzaile bakarrik dituen zenbakiari deritzo; bata eta bere burua) batetik zenbaki konposatu (bi zatitzaile baino gehiago dituen zenbakia) batera joan gara (23tik 24rako kasuan, ez ordea, 2023tik 2024rako kasuan). Ez dut honelako esaldiekin jarraituko nahi adina daudelako eta ez nukeelako inoiz bukatuko. Gainera, ez zaituztet matematikako kontzeptu eta hitz teknikoekin aspertu nahi bestela, laster pasatuko zenukete eta orrialdez. Hala ere, kuriositate gisa, zuek jakin dezazuen, 2024 matematikoki ez da zenbaki interesgarri bat.
Urtea bukatu dugu eta denok buruari eragiten hasten gara urte berrian bete beharreko erronken bila. Mota desberdinekoak izan ohi dira; irakurtzen hasiko naiz, gimnasiora joango naiz, kiloak jaitsiko ditut, hau egingo dut eta bestea egingo dut. Nahi duzuen erronka, desafio edo ilusioz eta itxaropen osoz pentsaturikoa izan ohi da eta paper zati edo post-it batean idatzi ondoren etxeko hozkailuko atean itsatsita uzteko ohitura andana dago, une oro gogoan izateko. Gomendio gisa, beteko dugun edo betetzeko probabilitate altua duen bat edo batzuek izan daitezela, helburu txikiak, haratago joan gabe. Izan ere, urtea aurrera doan heinean ikusiko baitugu hozkailuan abenduko 31 gauean zehar esandakoa ez dugula betetzen. Kasu batzuetan horrek dakarren atsekabea eta amorrua saihesteko erremedio gisa.
Aurreko paragrafoa idazten ari nintzela okurritutakoa idatziko dizuet. Hainbeste erronka, desafio eta istorio egin ordez zergatik ez dugu egiten duguna hobetzen? Gure bizitzan stop bat egin eta hausnartu, sakon. Hasteko baloratu egiten dugun hori, ez dela gutxi! Ondoren, saiatu hain ondo egiten ez ditugunak hobetzen. Eta azkenik, aurreko paragrafoan idatzitako helburu txiki edo handi horiek zergatik ez ditugun burutzen ulertzen eta onartzen.
Dena den, hau dena esanda, urte zaharrari agurre eta urte berriari egurre!