Goierriko familia askok bizi izandako bizipenen historiaren parte dira Iñasi Albisu Sarasola lazkaotarra eta bere senar Eustakio Arrinda Aranburu lekeitiar marinela. Bakailao arrantzan aritu ziren goierritar gazte ugari 1929tik aurrera, baldintza gogorretan.
XX. mendearen lehen urteetan, Barakaldo itsasontzi eta marinelen lehorreratze-gune garrantzitsua zen.. Barakaldon baziren garai hartan ardandegi eta taberna ugari, itsas-gizonak denbora-pasa bisitatzen zituztenak barkuaren barruko lanak amaitu ostean. Eta bazen orduan ere bertan, Bizkaiko Labe Garaien ola nagusiaren sarreratik parez-pare aurrean, El Alpargatero izeneko etxea: negozioa abarketa-egile bezala hasia bazen, urteak igaro ostean, ardo, sagardo, kafe, pattar eta janari-mota guztiak saltzen zituen. Estanko ere bazen eta tabakoa saltzen zuen. Bezeroek erositakoa libretetan idazten zen eta hamabostaldiko soldata kobratzean, orduan ordaintzen zuten bezeroek gastatutakoa.
Etxearen nagusia Lazkaotik etorritako Nikolas Areso abarketa-egilea zen, Francisca Paula Albisu lazkaotarrarekin ezkondu eta Barakaldora etorritakoa. Nikolasek El Alpargatero izen-goitia zuen. Karlista zen. 1950an, oraindik ere, Barakaldon etxearen aldameneko aldapari (Pormetxeta kalearen lehen zatiari) «La Cuesta del Alpargatero» esan ohi zioten.
Bazuten Nikolas Aresok eta Francisca emazteak eurekin ardandegian lanean, Lazkaotik ekarritako ilobak; begi-urdin, matraila-gorridun neskatxa zen bietako bat, Ignacia Albisu Sarasola. Errementariko Iñasi Barakaldora hamabost urterekin etorria, hemeretzi zituen Eustakio Arrinda lehendabizi etxe hartan sartu zen egunean. Eustakio Arrinda Aranburu, marinel lekeitiarra, bere itsasoko ibilaldietan, maiz jotzen zuen Bilbora bere barkuarekin, itsas familiakoa baitzen (Eustakiok aita Donato, marinela zuen). Elkar ezagutu eta maite-minak jo zituen biak.
Barakaldotik Lazkaora
Barakaldon bizi izan ziren Arrinda-Albisu senar-emazteak, eta 1912an (I. Mundu Gerra hasi baino lehentxeago), ama Lekeitiora joan zen senarraren familiarekin uda pasatzera. Urte hartan, kostaldeko herri ederrean Anastasio txikia jaio zen (guztira lau seme-alaba izan zituzten: Anastasio (Anes bezala ere ezaguna, apaiz izango zena), Luis (Gerra Zibilean Villamaninen -Leon- hilko zena), Donato (apaiztuko zena) eta Jose Mari – ez dugu horren berririk, seguruenik haur zela hil izandakoa); Barakaldora itzuli ondoren, hurrengo anaiak jaiotzen hasi ziren, 1921eko Urte Berri egunean, familiak, Lazkaora aldatzea erabaki zuen arte. Izan ere, Eustakio Bilboko portura ez zetorrela ikusita, Iñasik Lazkaora itzultzea erabaki eta Goierrira ekarri zuen familia osoa. Bestalde, Eustakio Arrindak kapitain gisa gidatu zuen itsasontziak Pasaian zuen egoitza. Horregatik, kostaldetik urrun izan arren, Arrinda-Albisu senar-emazteek orduan Lazkaon bizilekua finkatzea erabaki zuten. Anes seme zaharrenak ondo gogoratzen zuen Lazkaora etortzea. Barakaldo erdalduna bazen, “Lazkaon segidan konturatu ginen euskaraz ez zekiten haur bakarrak gu ginela”. Denborarekin euskara ikasi zuten, baita euskal kultura maitatu ere.
Bakailaoaren arrantza
Urteak igaro ostean Eustakio esperientzia handiko marinela egindakoa zen. 1904an ekaitz baten ondorioz, aitaren belaontzia galdu zuen Atlantikoaren erdian eta naufrago, ontzi ingeles batek erreskatatu zuen. Bestalde,Malagako portuan 1921eko martxoaren 21ean, Nati belaontzian zela, zeramaten petrolio-upelak lehertzean istripu larria izandakoa ere bazen. Istripu hartan erredurak izanda zenbait hilabetez ospitalean egon ziren Eustakio Arrinda eta bere lankideak. Anastasio Arrindak bere liburuetako batean istripua xehetasun handiz deskribatu zuen; aitak Anastasiori hala kontatu zion: istripuaren ondoren ez zuen gehiago belaontzietan nabigatu nahi izan.
1926 urtean, bakailao inportazio masiboaren zama ekonomiko astuna murriztearren (Estatuak ere arantzelak ere jarriak zituen, 256 pezeta tonako kanpotik etorritako bakailaoari) eta “bakailaoaren arrantzaren nazionalizazioa” lortzeko ideiarekin, Alfontso XIII.a erregearen gertuko negozio-gizon talde batek Donostian bat egitea ekarri zuen, PYSBE (Pesquerías Y Secaderos de Bacalao de España) enpresa aitzindaria sortuz. PYSBE konpainiaren inbertitzaile nagusia arrantza eta nabigazioarekin lotutako familiako, Lapurdiko Basusarrin jaiotako Louis Legasse euskaldun eta euskaltzalea zen (akzioen %49arekin, espainiarra ez zenez, ezin zuen gehiago izan). Legasse “La Morue Francaise” enpresako zuzendaria zen. Harekin Hegoaldeko eta espainiar estatuko bestelako armadore garrantzitsuen parte hartzea zuen. Ia bost hamarkadatan, PYSBE motor ekonomiko inportantea izan zen Gipuzkoa osorako (baita beste tokietarako ere). Lantegi bana zeukan Pasai Donibanen eta Ferrolen, eta beste hamar agentzia Europa eta Ameriketako herrialde desberdinetan. Jende askori eman zien ogibidea, bai itsasoan eta baita lurrean ere.
Bakailao arrantza dela eta adierazi beharko genuke, ezaguna dela euskaldunok, gutxienez XVI. mende hasieratik aurrera bakailaoaren arrantzan aritu ginela Ternuako itsasaldean: bakailaoa gatzetan ekartzen asmatu genuen (bale-haragiarekin egin bezala), 1000. urtean bakailaoarekin komerziatzen genuen eta zenbait mendez Ternuako bakailao itsas-bankuak sekretupean gorde izan genituen, Europako beste herrialdek (1497an inguruan John Cabot nabigatzaileak (Ingalaterra)) aurkitu arte. Mark Kurlansky idazlearen arabera, bakailaoa “mundua aldatu zuen arraina” dugu.
1926ra arte gainera, euskaldunok berrehun urte baino gehiagoko etena generamatzan bakailaoaren arrantzaren ezagutzan, ahaztua ere bagenuela. Horrek zera esan nahi zuen, aldi batez atzerritarrak (hain zuzen bretoiak) ziren kapitain eta tripulatzaileengana jo behar zela bakailaoaren arrantzaren jarduera aurrera atera ahal izateko. Eta urte hartan bertan Eustakio, bigarren seme Donatorekin bazkaltzen ari zela Donostiako Alde Zaharrean, gizon batek eurengana hurbildu eta Arrindari galdetu zion: “Oye, Arrinda, estamos formando una compañía para ir a Terranova. ¿Te animarías a ir de capitán?” (Aizu, Arrinda, Ternuara joateko konpainia bat osatzen ari gara. Kapitain gisa etorriko zinateke?) Eta baietz erantzun zion. Hala kontratatu zuen PYSBEk beraz, Eustakio Arrinda.
Hastapenetarako beraz, marinel eta arrantza-patroi bretoien eskifaia etorri zen, eta bakailao gaziaren arrantza industrial berriak dakarren teknika erakutsiko zieten bretoiek bertako lehen marinelei. Eustakio Arrinda kapitainak 1927an egin zuen bere lehen kanpaina. Guztira, berrogeita bi bretoiek eta hogei tripulatzaile (galiziarrak, euskaldunak,…) osatzen zuten eskifaia, zubiaren (kapitaina, patroia eta ofizialak), makineriaren (makinariak eta suginak) eta ontzigainaren artean banatzen zirenak.
Hasiera batean PYSBEk bi ontzi izan zituen, Alfontso XIII.a (geroago Hispania izena izango zuena) eta Euskal Erria, 1926an uretaratu baziren, enpresaren inaugurazio ekitaldi ofiziala urtebete geroago izango zen. Hamar urteren ondoren sei ontzi zituen, denak bou gisa lan egiten zutenak (binaka); konpainiak binaka ekarri zituen: Alfontso XIII.a (Hispania) eta Euskalerria; Galerna eta Vendaval; Mistral eta Tramontana, guztiak lurrunontzi zirenak.
Lazkaon zirela, Iñasi senarrarekin komunikatu ahal izateko, gutun-azalak betetzen zituen Anes semeak, helbide hauekin: Saint-Pierre eta Mikelune, Halifax, Nord Sydney, St. John’s…, 1.600 tonako ontzia horietako batean porturatuko baitzen. Horrela, 34 urtez, 54 kanpaina, aitak 70 urte zituenean erretiratu arte.
Gerra Zibilean
1936tik 1939ra ordea Gerra Zibila gertatu zen eta ontzietan kanoiak instalatu ondoren, bi aldeetan lan egin zuten; izenak aldatu zitzaizkien. Errepublikako Eusko Jaurlaritzak Vendaval-i izena aldatu zion Nabarra izenez birbataiatuz; Nabarra hain zuzen Canarias gurutze-ontzi astunaren aurka borrokatu zen Matxitxako lurmuturraren aurrean; borroka ezagun bezain desorekatua hartan, bertan hondoratu
zuten nazionalek. 1939tik aurrera, gerra amaituta, Abrego eta Cierzo ontzi motordun berriak etorri ziren, harik eta PYSBEk 18 ontziko flota osatzera iritsi arte.
Gerra Zibila hastean, bestalde Iñasi Albisu Lazkaoko Emakume Abertzale Batza inguruan lanean zegoen. Joxemigel Barandiaranen egunerokoan gerra hasiera nola izan zitzaien jakin dezakegu: 1936ko irailaren 8an Lazkaoko Batzokian bildu ziren emakume nazionalista batzuk. Taldearen presidenta Ignacia Albisu zen (-Arrindaren emazte gisa ageri da testuan, Eustakio ezaguna zen dagoeneko eskualdean). Ekitaldiaren buruak –30 bat urteko erreketea– galdera hau egin zion, gaztelaniaz: “Nor zara zu?”. Beste batek erantzun zuen Albisuren izenean. “Bera Ignacia Albisu da”. –”Familiako ama da?” Bai, seme zaharragoak ditu, horietako bi apaizgai” –”Apaizgaiak? Gasteizkoak, ezta? Halako amaren semeak eta Gasteizko apaiztegikoak izanda, ikusi beharko da zein apaiz aterako diren. Ni apaiza naiz”. Lazkaoko emakume guztiei isuna jarri zieten: batzuei 30 bat ogerleko, beste batzuei 60, besteei 40. Nekazari Bazkunaren kooperatiba enbargatu zuten eta Lazkaoko karlistek dena Iruñera eraman zuten.
1936an, Eustakio Arrinda Tramontana ontzian agintzen zuen (PYSBE serieko beste bat), eta Gerra Zibilean Valentziara eraman zuten: han parte hartu zuen ontziak espainiar urrea Marseillara eramaten. Gerra amaituta, ontzia Oranen utzi zuten. Hara joan zen Arrinda itsasontzia jasotzera, ontzitik hiru urtez bereizi izan ondoren. Bere kamarotea hutsik zegoen. Dena eramana zuten. Hala ere ez zen harritu, bere kamaroteko kaxoietako batean San Antonioren koadroa ikusi zuenean… Hura zen geratzen zen gauza bakarra. Zerbaitegatik, galdutako gauzak aurkitzeko deitzen zioten. Noski, Ternuara berrogeita hamalau kanpainatan bere ganbararen buru izaten jarraitu zuen irudi hark. Lekeitiarra zen Arrinda. Sinesduna. Kaiaren pareko Arranegi kalekoa. Amak Antiguako Ama Birjinarekiko debozioa eta zintzotasuna irakatsi zizkion. Behin, Eustakio eta Anastasio semea itsasontzira zihoazela, Pasai Antson motor batean sartu eta San Juanera joan ziren. Beraiekin, ontziak aztertzen espezializatutako bi karabinerok ere egin zuten. Bietako bat aitarengana joan eta esan zion: – Kapitaina, ez nauzu ezagutzen. – Ez, ez zaitut ezagutzen. – Cardiffeko kai batean abandonatutako marinela nintzen, eta zuk Espainiara ekarri ninduzun. Benetan, bihotzez eskertzen dizut. Haiengandik aldendu zirenean, Eustakiok Anastariorengana jo eta esan zion: – Egin ongia norentzako begiratu gabe (Haz bien y no mires a quien). Arrindak ere bazuen Gabonetan egiten zuen ohitura. Gabonetako afarian lehen ogi zatia berak mozten zuen, bere hitzetan zati hura ez baitzen urte osoan urdintzen: eta ekaitza zenean zati hura itsasora botatzen zuena zen, itsasoa bare zedin…
Goierriko larreetatik itsasora
Anastasio semeak aitaren bitakora kaierak irakurtzen zituen aitaren ontzia Pasaiara iritsi ondoren; sarritan “con tablón” hitzak irakurtzen zituen; aitari hitzen esanahiaz galdetu eta zera esan zion, ontziaren patroia (arrantzan agintzen zuena) egun hura mozkortuta igaro izana esan nahi zuela: egun horretan, beraz, ez zen arrantzarik egin. Gisa horretara egin zuten sei hilabeteko kanpainak. Eta 1928aren amaieran, bosgarrenerako, kapitainek garbi hitz egin zieten nagusiei: —Hauek [bretoiak] gu galbidean jartzeko dabiltza, eta hauek egiten dutena geuok ere egingo genuke hauen laguntzarik gabe. Urte hartan amaitu ziren bretoiak PYSBEko itsasontzietan.
Ustekabeko gertakizun xehe honek izan zituen bere ondorioak urte hartatik aurrera: bakailao-arrantza berritu zuten gizonik gehienak Goierriko baserrietatik sortuak ziren. Bi kapitainek arrantzale-bila hasi ziren, bakailaoaren zatikatzaile, gazitzaile, saregile,… lanetan aritzeko. Eustakio Lazkaon bizi zelarik, Lazkaotik hasi zen jende bila. Lazkao, Olaberria, Ataun, Beasain, Zaldibiako gazte baserritarrak eman zituzten euren izenak Ternuara bakailaotan hasteko. Etxarri-Aranatzeko arrantzaleak ere izan zituen; 1950eko hamarkada hasieran zumarragarrak ere aritu ziren (hauek oñatiarrak erakarri zituzten). Eustakio Arrindak bestalde, oso gustura lan egiten zuen marinel galiziarrekin. Gutxiago baziren ere Trintxerpeko galegoak kontratatu zituen; Arrindari kontramaeste galegoa izatea gustuko zuen, kontramaestre bera izan zuen urte askoan. Euskaldunok bakailao arrantza galduta bagenuen ere, Goierriko baserritarrak izan ziren hura berritu zutenak.
Arrinda, legenda bizia
1952an, Eustakio Arrinda biriketatik gaixo St. John’s-en (Ternuan) lehorreratu zenean, tripulazioak negar egiten zuen. 70 urte zituen, Kanadan ospitaleratu zuten eta handik eman zion baja Konpainiari.
PYSBEko lehen kapitaina izan zen eta Alfontso XIII.a (gero Hispania izenekoa), Euskalerria, Galerna, Tramontana eta Abrego ontzietan agindu zuen. 55 urte itsasoan eman ondoren, 54 kanpaina egin zituen Ternuara, Groenlandiara, Islandiara…, eta gutxik arrantzatu zuten berak adina bakailao. Arrinda legenda bizia zen, eta garai hartako marinelen arabera, garai guztietako bakailao-ontziko kapitainik onena, arrantza-marka guztiak hautsi zituena.Hori bai: haren elezaharra izugarria zen. Esaten dutenez, ekaitza hurbiltzen zenean eta bestelako itsasontziak ur lasaiagoen bila urruntzen zirenean, bera kapan geratzen zen. Hartarako, ontzia itsasora eta haizera hurbildu behar da, makina txikitan, olatuak igotzen eta jaisten joateko, itsasontziaren segurtasuna arriskuan jar dezaketen itsas kolpeak saihestuz. Eskifaia izututa, salbamendu-txalekoak jantzita, beldurrez airean egonik, okerrena espero zuen. Denboralea baretzen zenean, Arrinda bakarrik geratzen zen denbora luzez arrantzan inguru hartan, beraz, ahal zuen guztia arrantzatzen zuen, bodega bete arte eta besteak baino lehenago joan zitekeen etxera, edo portuan sartu atseden hartzera. «Abregon nire aita zegoen, eta Cierzon Agirre – Donato semeak kontatzen du–. Ontzirik onenak ziren. Eta Agirrek nire aitarekin hainbeste urte zeramatzanez, zaharrenak gehien nabarmendutakoak dira (…)». Benetako lehia zegoen Gabriel Agirre eta Arrinda, bi kapitainen artean: nor itzuliko zen lehen portura, lehena iristen zenak, ez zuen beste barkuak husten itxaron beharrik. Anekdotak askotarikoak dira. Horrela, Bigarren Mundu Gerra baino lehen, lurrunontzietan, Arrindak behin Agirreri galdetu zion ea arrantza nola zihoakion. Honek ezer ez zuela esan zion, eta egun gutxi barru etxera itzuliko zela. Baina Arrindak jakin zuen dagoeneko abiatua zela. Itzulera egiteko justu-justu behar beste ikatzarekin atera zen Arrinda, baina denborale batek hartu, eta ikatzik gabe geratu Azoreetara iritsi aurretik. Laguntza eskatu zuen eta Agirrek atoian eraman behar izan zuen portura.
Eustakio Arrinda, jubilatzean, Deban porturatu zen betiko Iñasi eta Anes semearen ondoan; Anes seme apaiza 1940tik aurrera Zumarragako Parrokian laguntzailekide (koadjutore) izan ondoren, 1950ean bidali baitzuten Debara, parroko moduan. Handik aurrera Eustakio aita eta Iñasi ama Debako Monreal etxeko 3. solairuan bizi izan ziren. Itsasoko otso zaharrak bihotzean zeraman bere lana, etxeko balkoian Abrego ontziaren haize-orratz berezia jarria zuen. Bere azken urteak jubilatu batek izan dezakeen bizitza arrunta eraman zuen. Handia zela gogoratzen du Alex Turrillas ikertzaile debarrak, eta baldar samar zebilela oinez. Iñasik prestatutako ogitartekoa hartu eta Mazzantini tabernara joaten zen lagunekin solastatzeko. Bertan tubo luze ziren edalontzi horietako batean goraino bete ardo zuria edaten zuen. Eta Eustakiok lagun arteko elkarrizketa atsegina bazuen, batzuetan errepikatzen zuen.
Eustakio Arrinda Aranburu Deban hil zen 1967ko maiatzaren 4an. 84 urte zituen eta 55 urte emanak zituen itsasoan. Onenen artean zen, bere lanbideaz maitemindurik zegoelako: Abrego ontziarekin, munduko bakailao arrantza errekorra egin zuen (joan den mendeko 50 eta 60 hamarkadak urrezkoak izan ziren). Lekeition 1883ko irailaren 20an jaioa zen. Hil eta zazpi urtera berak aurrera eraman zuen PYSBE bakailao konpainia ere desagertu zen. Hego Euskal Herriko euskaldunok Ternuan egindako arrantza ordea, 1980ko hamarkadaren lehen urtetara arte iraun zuen: bertan bakailaoaren arrantza gainbeheran hasi zen, bakailaoa bertako uretatik desagertu arte. Kanadak horregatik 200 miliako bakailao-babesgunea dekretatu zuen; eta horrek eragina izan zuen Saint-Pierre-n eta Ternuko Saint John’s-en bizi ziren galiziar eta euskal komunitate txikietan.
Kontratazioak direla-eta, Donato semeak gogora ekarri zuen behin aita langile gazteak hartzen ari zenean itsasora joatea, bizitza gogorra zela esaten zienean, eta agian haientzat hobe zela ez hara joatea. Eta hala erantzuten zioten gazteek: – “Baina zu bazoaz, ba…”. Gazteek ez zekitena zen Eustakiok berogailu ona zuela eta alkandora-mahuketan egon zitekeela lanean, baina ez ordea marinela, han kubiertan tenperatura haiekin. Ondo irabazten zuten orduan, lehorrean ez zen ezer irabazten eta ez zuten gasturik itsasoan.
Nahiz eta itsasontzi horietako kubiertako lanaren antolaketa Bretainiako ereduarekin hasi, urte gutxiren buruan eredu islandiarra erabiltzen hasi ziren, gaur egun arte iraungo duena. 1932an, lehen kanpaina egin zuten Islandian, eta herrialde hartako marinel batzuk sartu zituzten. Urte honetan asko finkatu zen enpresa, harrapaketa-maila handia izan zelako eta kubierta-lanean “eredu islandiarrak” arrakasta izan zuelako: bakailaoa zatikatzeko eredu islandiarrak, bretainiarrak baino 2 urrats gutxiago izanda, azkarrago eta eraginkorragoa zen.
40 gradu zeropetik eta lanean
Lan egiteko baldintzak oso gogorrak ziren. XVII. mendetik XX. mendeko 30eko hamarkada arte (baita geroago ere), bakailao arrantzatzeko ohiko era, doris izeneko txalupa txikietan arrantzatzea zen. Pertsona bakarreko edo biko txalupak barkutik atera eta inguruan zabaltzen ziren bakailaoz bete arte. Baina arazoak gertatzen ziren, olatuek txaluparen oreka galtzea ekartzen zutenean beteegi zeudelako, edo galdu egiten ziren baita ere itsasoa laino trinko eta iraunkor bihurtzen zelako: arrantzaleak ito egiten ziren edo barkuarekin kontaktua galdu (bost kilometrora ere), ontzira ezin itzuli eta hotzez edo gosez hiltzen ziren arrantzaleak ozeano handian. Itsasontziari ere kubiertan itsasten zitzaion izotza ere kendu behar zitzaion. Pisu gehiegi hartzen bazuen barkuak itzulipurdika zitekeen. Ternuan, urtarriletik martxora eguraldi txarra eta ekaitzak ziren, apiriletik maiatzera izotz-mendiak, ekainetik abuztura lainoaldiak, irailetik urrira tifoiak eta azaro eta abenduan berriz ere eguraldi txarra.
XX. mendeko 50eko hamarkada hasieran, Oñatiko Teodoro Bilbatuak eta Angel Egañak bizimodu oso oso gogorra bizi izan zutela baieztatu zuten Kontzejupetik 262. aldizkarian. “Hamar gradu zero azpitik ibiltzen ginenean ondo; epel samar. Baina oro har 15º zero azpitik ibiltzen ginen, eta Groenlandian sartzen ginenean 40º eta 45º inguruan zeropetik”, gogoratzen du Angelek. “Sarean harrapatutako bakailaoak kubiertan bota eta harria bezala irteten ziren, gogor gogorrak”. Hotza bakarrik ez; behe-laino itxia, ekaitzak, haizeak, izotzmendi edo iceberg-ak (barkuaren bozinaren oihartzunarekin detektatzen omen ziren, eta urgaineko izotzaren kontra PYSBEko ontziek proan babes-xaflak zeramatzaten) … Oso arriskutsua zen ur haietan nabigatzea. “Gorriak ikusita gaude barkuan. Noiz itoko!”, gogoratzen zuen Egañak. “Behin tifoia izan genuen, izugarria. Tripulazio dena salbamendu-txalekoa jantzita, eta gu makinetan lanean, jo ta su, tifoiari frente egiten; izan ere, tifoiari ez zaio sekula bizkarra eman behar, aurre egin behar zaio eta mozten joan, harik eta pasatu arte. Itsaso txarra sarri izaten genuen; 20 eta 24 metroko olatuak ere bai. Gu han geundela, Norvegiako barku bat hondoratu zen; joan ginen laguntzeko asmotan, baina alferrik”. Egañak bi kanpaina egin zituen Tornado-an, eta hurrengo urtean Groenlandian hondoratu zen barkua iceberg batek jota.Tripulazioak kubiertan lan egiten zuenez tenperatura osoa baxuetan egiten zuen lan. Batzuetan marinelak atzamar-muinak izozten hasten zitzaizkien; hala gertatuz gero, baja eman eta tratamendu egokia jartzen zitzaien. Ondorio larriak izan dituzten talkak ugariak izan dira, adibidez Tornado ontziak Tifón izenekoa jo zuen, edo Ogoño-k Isturiz ontzia. Bi istripuak 1955an gertatu ziren (orduan ez zegoen radarrik) eta minutu gutxiren buruan Ternuako uretan urperatu ziren: zorionez, tripulazioak erreskatatu egin zituzten. Lan egutegia, bestalde, ezin gogorragoa zen: Arrinda noizbait 135 egun lurrik zapaldu gabe izan zen; tripulazioak 12 edo gehiagoko lan orduak zituen egunero, jaiegunik gabe, tripulazio osoa barkuan sartuta: oso gogorra zen.
Elikadurari dagokionez, bitamina gutxi eta kaloria gutxi ematen zituen elikadura eurek arrantzatutako arrainean oinarritzen zen, ogia nabean bertan egiten zen eta egunean hiru laurden litro ardo eta fruta apur bat ematen zitzaizkion marinel/arrantzale bakoitzari. Zopa prestatua, bakailao-buruak irakiten, bakailao patatekin, tripulazioen elikagai tradizionala zen. Higienea zaintzeko ere ur-geza gutxirekin garbitzen ziren.
Egoera horretan, maiz izaten ziren gaixotasunak edo istripuak, eskuarki txikiagoak (nahiz eta heriotza kasuak erregistratu), hala nola ebakiak, zauriak, izozteak, infekzioak eta abar. Agintariak zortearen eta tripulatzaileen arteko lankidetzaren bidez konpontzen saiatzen ziren. Kasu larrietan bakarrik, kaltetua gertuen zegoen portura eramaten zen, eta han ospitaleratu egiten zuten; osatu ondoren, porturatzen zen edozein ontzitan sartu, eta itsasoan bere lantokira bueltatzen zuten.
1950eko hamarkadan marinelek kanpainako (6 hilabetekoak ziren, urte hasieratik uztailera eta uztailetik Gabonetara), 18.000 pezeta irabazten zituzten. Kanpaina batean 1.800 tona bakailao eta 200 tona olio (gibelarekin egindakoa) ekartzen zuten. Hona iritsitakoan, kargamentu horren ehuneko bat jasotzen zuen tripulazioak. Kurlasnskyren arabera ordea, lurrean lan egiten zuen 500 inguru langileak, emakumeak gehienak, oso gaizki ordainduak ziren, lan ez atsegina egiten zuten (bakailaoa garbituz, emakume bakoitzak eguneko 1000 Kg. bakailao garbitu zezakeen) eta karga ekonomiko oso txikia ziren enpresarentzako.
Iñasi, Eustakio itsasaldean izan bitartean Anastasioren eskutik
Iñasi ama Anastasiorekin batera bizi eta mugitu zen herriz herri bizi osoan, Anastasio apaiztu zenetik; 1937ko urriaren 25ean apaiztu zuen Gasteizko Gotzainak Anastasio Arrinda; Gerra amaituta, eta herritarren lehen berkokapenekin batera, nagusiek Aldeacuevas (Bizkaia) herri txikira bidali zuten laguntzailekide (koadjutore) gisa. Orduan Gasteiz Baskongadetako apezpiku-egoitza nagusia izanik, 3 herrialdeak eliz kontuetarako probintzia bakar baten gisa jarraitzen zuten. Honela azaltzen da Bizkaian hasi eta gero, Anastasio Arrinda apaiz gipuzkoarra ostera Arabar Errioxako Bilar herri txikian 1939tik 1940ra arte jarraitu izana (hain zuzen ideologia abertzalekoa izateagatik hara bertaratu zuten). Nolanahi ere bertan oso denbora gutxi egon bazen ere (9 bat hilabete), oroimen handia utzi zuen herrian oraindik gerraostean, Logroñoko erreketeek bertako errepublika-zaleak fusilamendu-sarraskietatik salbatzeagatik. Bederatzi hilabete hauetan, Anastasiorekin batera, Iñasi ama, Eustakio aita (itsasoan lanean bazen ere) eta Paulina Albisu lehengusinak Bilarren erroldatu ziren.Laster izango zen Zumarragarako ezarria, eta han apaiz laguntzailekide ere gertatu zen… hona ere, Iñasi ama eta Eustakio aita (itsasoan jarraitzen bazuen) Zumarragara bizitzera etorri ziren. Izan ere, 1940ko uztailean Eustakio Arrindak Francisco Apaolaza Aseginolaza EAJ kidearen enbargatutako etxebizitza bat alokatu zuen. Testuinguru honetan koka daitezke Anastasio eta Iñasi bidez, Zumarragako gazteak Eustakio Arrindarekin edo beste kapitainekin PYSBEn errolatu izana 1940ko hamarkada amaieran, eta itsasontzian lan egindako Zumarragako gazteen bidez, 1950eko hamarkadako lehen urtetan gazte oñatiarrak itsasora erakarri izana.