Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Usoa eta astoa omen dira Maria sonatu hari buruzko irudietan gehien ageri diren animaliak, baina biak batera ez omen dira bakarrean ere ikusten. Dirudienez, denboran ez zuten bat egin. Bederatzi hilabete inguruko tartea omen zegoen bataren eta bestearen eszenaratzeen artean.
Gotzon Garatek bildutako esaeretan ere 182 dira astoari buruzkoak, eta 21 uso edo urzoari buruzkoak, baina biak elkartzen dituen esaerarik ez da. Ez da etxean uso, kalean asto edo uso joan eta asto etorri modukorik edo, ez dakit ba, astoa egoskorra, usoa hegazkorra bezalakorik ere ez. Ipuinik, alegiarik edo parabolarik ba ote da asto eta usoaren arteko elkarrizketarik kontatzen duenik?
Igandean, Lazkaoko ekitaldian, usoak berez ez zuen lekurik, programatuta esan nahi da. Agian, Egiptorako ihesa antzezlanean? Ihesaldien antolakuntzan ohikoa izan delako usoaren erabilera. Herodes super-bilauaren atzaparretatik hanka egiteko ere azkar eta ondo lagunduko zuen. Esaterako, erregeekin komunikatzeko erabil zezaketen eta, bidea libre zela ziurtatutakoan, astoari arre eragin eta ospa egin, Agur Jesusen ama zortzikoaren erritmoan.
182 esaeren kopurua kateatuta geratzeko modukoa bada bai. Esaera asko dira astoari buruzkoak. Norbaitek esango du gure herriaz hitz egiten duela horrek, eta hitz egin bakarrik ez, arrantza ere bai. Dakizkigun kantetan ere berehala datozkigu astoari buruzkoak, batez ere, haur garaian ikasitakoak. Politenetako bat aipatzearren, gure belaunaldiak Kixkiri, Mixkiri eta Kaxkameloni entzundako hura: protagonistari izena Astu eta, horregatik, «Astua zera gaurtik zu» esan zion Adanek, paradisuko atean. Urzo xuria errazu doinuaren aldaeran kantatua da, eta hortxe, ia oharkabean, non aurkitu ditugun astoa eta usoa espazio berean.