Beñat Maiz Artola (Beasain, 2007) oso gaztea zelarik hasi zen Gure Zirkuan eta bertan diziplina desberdinetan aritu da. Gaur egun ere familia handi horren parte da.
Nola sortu zitzaizun zirkuarekiko interesa?
Txikitatik gustatu izan zait asko zirkua. Gogoan dut Beasainen urtero zirkua egoten zela eta gurasoekin joan ohi nintzen bertara. Horrez gain, txikitatik asko landu izan dut oreka, ariketa desberdinetan aritzen bainintzen, izan monozikloan zein trialean.
Oso gaztea zinen Gure Zirkuan parte hartzen hasi zinenean. Nolakoa izan zen hasiera hau?
Haurra nintzela egunkarian ikusi nuen zirku eskola martxan jarri behar zutela Beasainen eta zalantzarik txikiena ere ez nuen izan. Diziplina ugari probatu nituen bertan, eta asko ikasi nuen. Egun batean, Iker Galartzak ea haiekin emanaldi batean parte hartu nahi nuen galdetu zidan eta, ilusioaren ilusioz, segituan esan nuen baiezkoa. Hasieran denak helduagoak ziren eta ondorioz, haiengandik asko ikasteko aukera izan nuen. Txikitan ez ezik, gaur egun ere asko ikasten dut nire kideez.
Nolakoa da zirkuko egunerokoa?
Beti dago zerbait egiteko eta ikasteko, izan ere, diziplina asko daude eta guztiak probatzeko eta hauetan trebatzeko aukera ematen dit zirkuak. Horrez gain, bidaiak, muntatzea, desmuntatzea, gainontzeko kideei haien emanaldiak prestatzen laguntzea…
Zer da Gure Zirkuak eman dizun onena eta zer txarrena, txarrik egotekotan?
Zalantzarik gabe osatu dugun familia da eman didan onena. Familia handi bat gara. Muntatzea eta desmuntatzea guk geuk elkarrekin egiten dugu. Herriz herriko biretan elkarrekin ordu asko eta asko pasatzen ditugu eta, azken finean, publikoaren begietatik kanpoko bizitza hori elkarrekin egiten dugu. Alde txar bakarra lagunengandik urrun egotea da, izan ere, denbora gutxi izaten dut haiekin egoteko, baina deskantsu egunak aprobetxatzen ditut horretarako.
Orain telebistarako pausua eman du Gure Zirkuak. Igande honetan estreinatuko da ETB1en. Nolako esperientzia izan da telebistan bizitakoa?
Egia esan oso esperientzia polita izan da. Gure zirkuko eguneroko bizitza islatzen du saioak, benetako bizitza. Emanaldiak egiten ditugunean ikusleek ikusten ez duten hori; eta horregatik da polita, hori delako benetan zirkua. Apur bat zaila izan zen hasieran kamerekin bizitzera ohitzea, baina esperientzia bikaina izan da.