Kirolaria izan da txikitatik Gari Garmendia (Idiazabal, 1998). Pisua jaurtitzen hasi zen eta egun harri jasotzen dabil. Iazko San Blas jaietan 200 kiloko harria altxa zuen. Aurtengo desafioa bihar izango da, Garmendiaren Makalaaak kuadrila Ampoko taldearen kontra.
Pisu jaurtiketan hasi zenuen zure kirol ibilbidea.
Eskola kirolean hasi ginen, denok bezala, pilotan eta futbolean. 13 urterekin, Ordizian hasi nintzen pisu jaurtiketan, Txindoki Atletismo Taldean. Pilota eta futbola egiten nituen Idiazabalen, eta 13 urterekin Ordiziara joan beharra eta… lehen urtea arraroa izan zen, baina gustua hartu nion gero.
Hasieratik nabarmendu zinen pisu jaurtiketan?
Nire adinerako nahiko handia nintzen eta dezente nabarmendu nintzen, batez ere indarragatik. Handia nintzen eta ondo aprobetxatzen nuen. Gorputz hezkuntzako irakasleak esan zidan ‘zergatik ez duzu indarreko kirol bat hartzen?’. Probatu egin nuen, eta gustatu.
Estatu Batuetara joan zinen beka batekin, 18 urterekin. Nolako esperientzia izan zen?
Hemen oso maila onean nenbilen, Espainiako txapelketak irabazi nituen eta batxilergoa bukatzen ari nintzela ez nekien zer egin unibertsitatera joateko; Gasteizera joatea IVEF ikastera edo pribatutik Donostiara, Deustora. Ez batak ez besteak ez ninduen konbenzitzen. Asko pentsatu nuen. Alba Torres pisua jaurtitzen egon zen Ordizian nirekin, eta bera bi urte lehenago Estatu Batuetara joan zen. Bera han oso gustura zegoela eta bat eta beste… Handik eskaintzak ailegatzen zitzaizkidan, jendea ari zirelako bilatzen bertako unibertsitateetan. Han kirola asko lantzen dute, prestigioa ematen dielako. Mundu mailan kirolariak bilatzen dituzte. Lehenengo bi urteetan egon nintzen Kansasko unibertsitate batean, eta gero Tennesseko Unibertsitate batetik fitxatu ninduten.
Bizimodu aldaketa, hizkuntza… nola bizi izan zenuen?
Egia esanda lehenengo seihilabetean ez nekien ezer. Hizkuntza aldetik, pentsatzen nuen zeozer banekiela, baina bertara joan eta errealitateak zaplaztekoa ematen dizu. Gero oso ondo ikasi nuen eta orain arte asko erabili izan dut, asko nabari dut maila mantendu egin dudala. Bizimodua oso amerikanoa da. Hasieran harritu ninduen, baina gero azkar hartu nuen hango bizimodua. Oso goiz jaikitzen ginen, entrenatu egiten genuen, klaseak ondoren, bazkaldu, berriz entrenatu… Ondo egokitu nintzen. Hona bueltatu nintzenean berriz ere hemengo bizimodura egokitzea kosta zitzaidan.
23 urterekin itzuli zinen.
Covid-agatik izan zen. 2020ko martxoan izan zen covida eta nik maiatzean bukatu egiten nuen. Ematen zuen mundua bukatu behar zela eta han esan ziguten: ‘Orain bueltatzen zara etxera, edo hemen geratuko zara ez dakigu noiz arte’. Amari deitu eta amak berehala etortzeko esan zidan. Ondoren berriz bueltatu nintzen abuztuan Estatu Batuetara, baina gauzak ez zeuden ondo. Gabonetan berriz itzuli eta online bukatu nuen falta zitzaidan hori.
2022ko uztailean pisu jaurtiketa utzi zenuen eta harri jasotzen hasi zinen. Zergatik?
Erreta nengoelako. Hamar urte pisua jaurtitzen, erre egin ninduen. Gainera, topea jo nuen eta hortik gora hobetzeko beste zerbaitekin hasi nahi nuen. Taldeko kirola edo kirol indibiduala neuzkan buruan egiteko. Areto futbola, errugbia edo eskubaloia taldeko kirol bezala, eta indibidualean power lifting, halterofilia edo herri kirolak. Orduan hasi nituen eskubaloia eta harri jasotzea.
Herri kirolak gertu izan dituzu etxean betidanik ezta?
Nire ama trontzalaria izanda, aita aizkolaria… berriz ere herri kiroletara bueltatzeagatik egin nuen, lagun batek esan zidan gorputza beneukala eta probatu eta lehenengo egunetik maitemindu nintzen. 2023ko apirilera arte biak egiten egon nintzen, eta harrezkero harriarekin bakarrik.
Zure aitaren oroimenez egiten da Axari Trail Idiazabalen.
Hamasei urte dira hil zela. Nahiz eta bera ez zen izan harri jasotzailea, herri kirolaria zen, aizkolaria. Garmendia II.a beragatik eramaten dut txalekoan. Umetan herri kirolak pila bat bizi izaten genituen, umetan aizkoran ibiltzen nintzen 9 urte arte. Axari Trailean nik ez dut parte hartzen, amak eta anaiak bai.
Iazko San Blasetan 200 kiloko harria altxatu zenuen. Hasi berria eta herrian, nola bizi izan zenuen?
Hasieran harri txikiekin hasi nintzen. Herri kirol apustua egiteko ideia sortu zenean, 100eko bolarekin Xabier Aranburu Guzta-ren aurka egin behar nuen. Joseba Ostolaza nire entrenatzaileak esaten zidan, ‘hi ari haiz antolatzen apustua, zergatik ez dek hire marka jartzen plaza batean?’. Ideia ona iruditu zitzaidan. Plazara atera eta marka txukun bat egin nahi nuen. Bi hilabete eman nituen 200ekoa prestatzen. Plazara atera eta ondo atera zen, jaso nuen eta harrera polita eduki genuen.
Kirol exijentea da harri jasotzea?
Bai. Azkenean exijentzia zuk jartzen diozu zure buruari. Ni oso exijentea naiz nire buruarekin. Exijentea izango ez banintz oraindik 100 kiloko harriak jasotzen egongo nintzateke eta ez 200ekoak. Gorputzak preparazio bat behar du. Jendeak esaten dit, ‘hasiberria eta hain ondo?’. Ados, ni duela gutxi hasi naiz harri jasotzen, baina 13 urterekin atletismoan hasi nintzenetik indarra lantzen ari naiz, flexibilitatea lantzen ari naiz, nire aldakak oso garatuta daude, nire hankak oso garatuta daude, nire lunbarrak oso garatuta daude, esplosiboa naiz… hori guztia aurretik ari naiz entrenatzen.
Izan duzu lesio larririk?
Larri-larririk ez. Ez da suerte kontua, hori ondo landutako zerbait da. 13 urtetatik astean lau egunez entrenatzen egon naiz, gainera gustura, entrenatu gabe ez dakit geldi egoten.
Zein puntutan dago harri jasotze mundua?
Punta-puntan daudenek astero eduki dezakete lehiaketa edo erakustaldi bat. Lehen herri kirolak sekulakoak izaten ziren, plazak betetzen ziren nahi gabe. Gero beheraldi handi xamarra egon zen, baina pandemiaz geroztik uste dut goraka hasi dela. Ni hala hurbildu nintzen. Pandemian ez zegoen askorik egiteko, txapelketa bat ikustera joan nintzen Zarautzera, eta ikusi nuenean plaza beteta, jendea zutik eta txaloka, esan nuen nik hori probatu beharra daukat. Gure entrenatzeko tokian 30 bat harri jasotzaile gaude.
Bihar zure kuadrilla eta Ampo enpresako talde bat ariko zarete herri kirol desafioan. Zu, harri jasotzen.
Hamar urte eta gero, iaz egin genuen herri kirol apustua, lehen herri kiroletan aritzen zirenak gure kuadrillakoen kontra. Oso harrera ona izan zuen, frontoia bete zen. Lan polita da, hamar proba, azkarra, exijentea.
Zein da zure helburua harriarekin?
Lehengo urteko helburua zen txapelketa ahalik eta gehienetan parte hartzea, eta ikustea zertan moldatzen nintzen ondoen. Harri handien txapelketan asko sufrituta, baina gehiago ikusten dut nire burua horretara bideratuta. Helburua da lehengo urtean gaizki egin nituen txapelketetan postua hobetzea. Harri handien txapelketan zentratuta, lehengo urtean, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herrikoan, bigarren geratu naizen bezala, aurten hor borrokan egotea da helburua.