Leire Garmendia • Laia Ingurumen Zerbitzuak (Beasain)
Klima aldaketak hainbat inpaktu eragin ditu gure planetan, horietako bat gero eta ohikoago eta gogorragoak diren bero-boladak. Aurreko udan ere, gure lurraldea astindu duten bero bolada gogorren lekuko izan gara. Euskadik, azken bero bolada horretan, 1981ean baino bero erregistro historiko handiagoa izan zuela, eta abuztu erdialdean inoizko egunik beroena izan genuen: 45 gradu inguruko tenperaturak erregistratu ziren Euskadiko hainbat tokitan.
Zehazki gurean, Gipuzkoan, udalerri gehienak ez dira 40 gradura iritsi, Elgoibar, Arrasate eta Beasain izan ezik, horiek gainditu egin baitituzte. Tenperatura horiek direla eta, Euskadin 48 pertsonari eman zaie arreta tenperatura altuengatik. Erronka handia izateaz gain, klima aldaketaren aurkako borrokak eta horretara egokitzeak udalerri errisiliente eta osasungarriak sortzeko aukera gisa balio behar digute.
Babesleku klimatikoen beharra
Gehiegizko beroek zuzeneko ondorioak ditu pertsonen osasunean. Biztanleriaren hilkortasunak eta erikortasunak gora egiten dute, batez ere talde ahulenetan: adineko jendea, haurtxoak, patologia kronikoak dituzten pertsonak edo gizarte baldintza txarrenetan bizi direnak. Babesleku klimatikoak izango diren guneak gure hiri eta herrietan prestatzeak geroz eta zentzu gehiago du beraz.
Zer dira ordea babesleku edo aterpe klimatikoak? Pertsonak klima aldaketaren ondorio kaltegarrietatik babesten dituen espazioak dira, hala nola bero boladetatik, euriteetatik, lehorteetatik, uholdeetatik eta zikloietatik.
Gune horietako batzuk jada gure herrietan topa ditzakegu, espazio itxietan (liburutegiak, gizarte-etxeak, kirol ekipamenduak, eskolak,…) eta baita irekietan ere (hiriko berdegune, parkeak, ibaiertzak…), ez dira azpiegitura berriak, lehendik zeuden espazioak baizik, jatorrizko funtzioekin jarraitzeaz gain, babesleku gisa birpentsatuak izan direnak. Adibidez, liburutegiak, liburutegi bat izaten jarraitzen du, baina gune bat eta protokolo bat ere baditu, bero- edo hotz boladetan behar duten pertsonentzako babesleku gisa erabiltzeko.
Lehendik dauden espazio hauek ordea, askotan ez dira nahikoa izango eta herriko beste gune batzuk egokitzea beharrezkoa izango da, geroz eta ohikoagoak izango diren bero boladen aurrean. Diziplina anitzeko taldeak beharrezkoak dira egokitzapen honetan, herrian hobekuntza arkitektonikoak, irisgarritasunekoak, birnaturalizaziokoak eta eko sozialak ezartzeko. Hitz batean, Klima kalteberatasunaren aurrean, ikuspegi bioklimatikoari loturik, osasunaren eta ongizatearen begirada ere integratzea behar beharrezkoa izango da.
Baldintzak
Edozein gune babesleku bihur daiteke? Zer baldintza bete behar dituzte gune horiek osasunerako arriskua eraginkortasunez murrizteko?
Gutxienez, babesleku klimatikoak behar duen edonork eta bere osasuna arriskuan ikusten duenak estres termikoaren sintomak murrizteko behar bezala atseden hartzeko guneak izan beharko lirateke. Beraz, babeslekuek baldintza klimatiko egokiak izan behar dituzte: barnealde klimatizatuak eta kanpoalde itzaltsuak. Ur-guneetarako eta zerbitzu publikoetarako sarbidea izan beharko lukete, esertzeko guneak, eta baita argi seinaleztatuta eta hirian zehar banatuta egotea ere.
Klima babeslekuen sare eraginkor batek bereziki estali behar ditu komunitate ahulenak biltzen diren eremuak eta itzalpe edo berdegunerik ez izatean benetako «labe» bihurtzen dituzten eremuak.