Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Ia dena bezala, inauteriak ere, iristen eta joaten dira. Aurten ere, hartu ditu musikak kaleak, hartu ditu aurpegiak pinturak, hartu du jendeak jendea. Hemen eta han ospatzen diren inauterietan ohitura diferenteak izaten badira ere, inauteriek burura beti dakarkidate dantza, jendea, oihala, emozioa, festa. Elkarrengana biltzeko beste aitzakia bat.
Eta parranda egiteko, bide batez. Izan ere, gurean horri deitu ohi diogu elkarrengana biltzea askotan. Guk Tolosara joateko plana egin genuen; mozorroa adostu, jantzi, eta ea ba, zer giro dagoen. Behin bertan izanda, txaranga baten atzetik iritsi ginen lehenengo barraraino. Han inguruan zebiltzan mozorrotu ia denek bezala, dantza egin genuen, garagardoa edan genuen, eta kalimotxoa, txupitoak hartu genituen, lagun berriak egiten saiatu ginen eta dantza gehiago egin genuen. Aurrera egin zuten orduek, eta dantzan segitu genuen. Hainbat karrozaren ikusgarritasuna goratu genuen, eta kalejiran salto, eta mozorroa ahaztu, eta tabernatik txosnetara, eta alderantziz. Gauaren ilunpean, momentu batean ahaztu egin genuen inauteriak zirenik, eta batzuek pelukak erantzi zituzten, trajeak besteek. Parranda zen: beste parranda bat, inauteri garaian.
Etxera bueltako trenean pentsatu nuen guaia izan zela, baina ez zela izan nik nahi nukeen bezain plan polita; ez ote gintuen irentsi jende masa erraldoiak, ez ote ginen sartu bere tripetara ohartzerako, eta barrunbeetako bultzaren bultzaz iraun, lehenengo trena iritsi bitartean. Pentsatu nuen ondo pasatu genuela, baina askoz dibertigarriagoa izan zela niretzat aurreko egunetan mozorro bihurtuko genituen trapu zaharrak josteko, margotzeko, ebakitzeko eta eransteko lagunekin hartutako denbora.
Ia dena bezala, parrandak ere politagoak izaten dira desio den formara ekartzeko askatasunez egiten direnean. Iritsiko dira inauteriak berriz ere…