Iñaki Amundarain • Ormaiztegi
2007ko otsaila. Beldurra, kezka, urduritasuna… horiek ziren lasterketa antolatzeko pausoa eman genuenok sentitzen genituenak. «Behar adina lasterkari etorriko al dira?»; «Eta jende gehiegi etortzen bada?»; «Gauzak ondo egingo al ditugu?». Guztion kezkak, guztiok ere horrelako kontuetan ibili gabeak baikinen.
Eta nola sortu zen lasterketa antolatzeko ideia? Ormaiztegik beti izan du saharar herriarekiko lotura berezia. Batzuei barnean erne zitzaien zerbait egin beharra zegoela; beste batzuoi laguntzeko eskatu ziguten; hark honi, honek hari…
azkenean udaletxeko aretoan jende mordoxka bat bildu ginen, lasterketaren bat egiteko ideia buruan zela, baina hortik aurrerako guztia zehaztu gabe: lasterketaren izaera, ibilbidea… eta beste koxka asko.
Pixkanaka lortu genuen guztion ideiak erdibide moduko batera ekartzea, eta horrelaxe ekin genion, pauso bakoitzean zalantza genuela: baimenak, kronometrajea, segurtasuna, sariak, aseguruak, babesleak, aldarrikapen ekintzak, boluntarioak… Ibiliz egiten omen da bidea, eta gurean behintzat horrela izan zen; eginez ikasi dugu egiten.
Ordutik 17 urte joan dira. Ez da asko, baina ezta gutxi ere. Oroitzapenerako, lasterketa elurretan egin genueneko urtea; edo ziklogenesiagatik bertan behera utzi behar izan zenekoa; edo pixkanaka izan ditugun aldaketak (5 km-ko ibilbidea ere sartzea; ekintza kultural batzuk).
Elkartasun-bideratzaile lana
Baina begirada pixka bat urrunduta, bi puntu nabarmendu nahi nituzke. Bat, lasterketak elkartasun-bideratzaile lana egin duela eskualdean; Sahararekiko elkartasuna adierazi nahi zuen jende askok horretarako bidea aurkitu duela gure lasterketan: parte hartuz, dirua emanez, kamisetak erosiz… Elkartasun izaera horregatik gusturago hurbildu dela jendea gurera, eta horrek egin duela berezi. Eta bigarren, urte hauetan guztietan jaso dugun laguntza eskertu beharrean gaudela (babesleena, boluntarioena, norbanakoena eta erakundeena): ezin bat edo eskaera bat izan dugun guztian lagundu digun jende guztiari eskerra adierazteko une egokia da hau.
Baina, ezin ezkutatu, alderdi ilunago bat ere bada: oraindik lasterketa hau egin behar izatea. Gure irismenetik kanpoko auzia da, baina laster 50 urte egingo dituzte sahararren errefuxiatu kanpamenduek; eta auzi politikoak ez dirudi hobekuntza handirik izan duenik.
Kontuak kontu, aurten ere egingo da saharar herriaren aldeko lasterketa Ormaiztegin, otsailaren 25ean. Indar berriz, gainera. Antolakuntza taldea gaztetuta eta aberastuta. Eta berrikuntzekin: 10:00etan eskola kiroleko lasterketa izango da; nagusien lasterketak Irizar enpresa barrutik pasako dira, ibilbidea berrituz; eta astean zehar hezkuntza eta kulturara bideratutako ekitaldiak izango dira. Esan beharrik ez, guztiok gonbidatuta zaudete: kirola, elkartasuna, aldarrikapena, eta goiz pasa polit bat uztartzen ditu Sahararen aldeko lasterketak.