Kepa Ormazabal Galdos (Gabiria, 2006) txirrindularia da eta hainbat kirol egin dituen arren urte hauetan, azken urteetan txirrindularitzan buru-belarri dabil.
Noiz hasi zinen txirrindularitzan?
Txikitatik ibili izan naiz bizikletan, baina txirrindularitzaz gain pilotan, futbolean eta judoan ere ibilia naiz. 2-3 urte egin nituen txirrindularitzan eta geldialdi bat egin behar izan nuen lesio bat dela eta. Ondoren, duela 2 urte inguru, berriro hasi nintzen txirrindularitzan eta gogoz hartu nuen berriro, beste intentzio batzuk buruan. Nahiz eta hasieran futbolarekin uztartzen nuen, aurreko denboraldian futbola alde batera utzi eta txirrindularitzan zentratu nintzen. Orain inoiz baino serioago ari naiz hartzen, izan ere, sufrimendu eta sakrifizio bizitza horrek ondo sentiarazten nau eta exigentziaz gozatzen dut. Horrez gain, balio desberdinak eman dizkit txirrindularitzak, baita harreman estuak ere. Ondo sentiarazten nau.
Noiz nabaritu zenuen maila igoera?
Azken finean txirrindularitza oso exigentea da beti eta aurrean berdin dio zein duzun, beti dena emateko prest egotea garrantzitsua da. Umeagoak ginenean maila baxuagoa zegoen, baina kategoriak igotzen joan ahala, txapelketetan maila igotzen joan zen. Jubeniletan izan zen nabaritu nuen koskarik handiena. Hau hala izanik, ingurukoek ematen duten mailak autoexigentziaz jokatzera narama.
Hainbat lorpen izan dituzu urte hauetan. Zein izan da hauetan bereziena?
Ez dira asko izan baina gustura nago eskuratutako lorpen horiekin. Zaila egiten zait bat aukeratzea, baina gogoan dut Iruñ̃erriko (Nafarroa) lasterketako bigarren etapako lorpena. Lasterketan bertan zein lasterketatik kanpo asko ikasi nuen txapelketa hartan, izan ere, lau egun nahiko intentso izan ziren eta profesionalen pare sentitu ginen egun horietan. Gainera, Jon Ander Insausti txirrindulari profesionala entrenatzaile izanik are gehiago.
Joan den asteburuan Gipuzkoako Txapelketan 3.postua eskuratu zenuen. Nola bizi izan zenuen hau?
Egia esan, azken aldian nahiko datu txukunak ari naiz lortzen entrenamenduetan eta nire aurrerapena nabarmena izaten ari da. Hala ere, orain arte hau ez da gehiegi islatu lasterketetan, izan ere, Tafallako edota Galapargo lasterketetan ez nintzen nire onenean aritu. Gipuzkoako txapelketan, aldiz, maila ona ematea lortu dut. Dena eman nuen eta egindako esfortzuak bere fruituak eman zituen. Gainera, Gipuzkoako Txapelketa izanik, maila handiko lehia izan zen eta maila horietan lorpenik txikiena ere lorpen handia da. Gustura nago egindako lanarekin eta lanean jarraitzeko prest nago.
Zein plan duzu etorkizunera begira?
Gehien axola didana nire onena ematea da. Aurtengo urtea ona izan daitekeelakoan nago, edo hala espero dut behintzat eta dena eman nahi dut. Nire bizitzan hainbat sakrifizio egin behar izan ditut txirrindularitzan daukadan guztia emateko, hala nola, parrandan horrenbeste ez ateratzea.
Etorkizunera ez dut gehiegi begiratzen, nahiago dut orain topera ibili eta etorkizunean etortzen dena ongi etorria izango da.