Belen Goia. Arantxa mertzeria (Idiazabal)
Arantxa Mertzeria 1979an sortu zen. Arantxa Eziolaza amak eta Belen Goia alabak «bizitza osoa» pasa dute dendan. Eziolaza jubilatuta, Goiari 6-10 urte falta zaizkio erretiroa hartzeko.
Nola dago herrietako komertzio txikia?
Egoera ez da erraza. Batetik, erosteko aukerak asko zabaldu dira, Internet, saltoki handiak, denda kate handiak… Bestetik, herrietako komertzio asko orain dela urte batzuk bezala saltzen ahalegintzen dira eta hori eguneratu egin behar da. Erakusleihoez gain, sare sozialak ere komertzioaren erakusleiho izan behar dute. Azkenik, asko hitz egiten da bertako produktuaz, bertako komertzioetaz, baina gure ustez gutxi batzuk bakarrik betetzen dute.
Goierriko ekintzaileen kopurua asko murriztu da. Zergatik uste duzu dela?
Agian inguruan dugun enpresa kopuruak zerikusia izan dezake. Gazteak nahiago du bere lan jardunaldia enpresa batean sartu eta gelditzen zaion denbora beste ekintza batzuetarako erabili. Ekintzaile izatea ez da erraza, zailtasunak ditugu egunerokotasunean, baina ematen duen autonomia maila ere kontuan hartu beharrekoa da.
Zuenean erreleboa izango dela uste duzu?
Bizitza osoa dendan pasa dugu, mertzeria aurrera atera nahian eta gure bezeroei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzen. Niri ez zait urte asko geratzen jubilatzeko. Egia da denda martxan ikustea gustatuko litzaigukeela. Etxetik erreleboa zaila ikusten dugu. Azken urteetan dendan lan egingo duen norbait topatzea pentsatzen ari gara, lan egiteaz gain dendako zirrikitu guztiak erakusteko eta ondoren dendatik bizi ahal izateko.
Kontsumo ohiturak asko aldatu dira lanean hasi zinenetik?
Izugarri aldatu dira. Lehen bezeroak herrian edo inguruan erosten zuen erosi beharrekoa eta orain mila aukera dituzte erosketak egiteko.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez dugu erraza ikusten, baina baikor gaude. Gure herriak bizirik ikusi nahi baditugu, horretarako gakoetako bat komertzio txikia bertan izatea da. Hori ez badugu guztion artean lortzen, herri txikiak lo egiteko herriak bihurtuko dira eta egunean zehar ez dute bizirik izango. Txikizkako enpresek jarraikortasuna izan dezaten gizarte osoaren benetako konpromisoa beharrezkoa da.
Negozio txikien jarraikortasuna, herri bizien bermea