Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Pertsona bat imajinatu dut ezerezaren erdian. Haren parean, puntu beltz txiki bat duen horma zuri erraldoi bat. Morroiarentzat dena da zuri, oro da argi. Ordea, gerturatu ahala, puntu beltza gero eta handiagoa egiten da. Bertan dela, ohartzen da nola belzten den erabat bere ikuseremua.
Analogia hoberik izango da, baina irudipena daukat ondo samar irudikatzen duela gertakizunei optika egoki batetik begiratzeak duen garrantzia. Zenbait jokaldi litezkeen hitz ponpoxoenetan saldu dizkiguten arren, ondo begiratzen dituenak halako kabitu-ezin bat sentitzen baitu.
Duela egun batzuk, A.-rekin hizketan aritu nintzen, eta azaldu zidan haien enpresako lan-baldintzak okertu egin direla, eta nola bizi duten halako etsi-hots batetik egun araua den prekarietate gordina. Egiari zor, berearen gisako kontratuei erreparatu gabea nintzen.
2022ko lan-erreformaz geroztik, aldizkako lan-kontratuak (fijo discontinuo) dauzkagu gurean. Gobernuak bere lorpen gisa ikusarazi zigun, laneko behin-behinekotasunaren aurkako neurri eraginkor moduan. Hormara gerturatu ahala, ordea, puntu beltza handitzen doa.
Puntu beltzean A. ikus daiteke, beti prest: lana dagoenean, lanera ziztuan joateko; ez dagoenean, aldiz, ezegonkortasun erabatekoan prest, lana noiz izango. A.-z gain, enpresariak ikus daitezke, pozik, alarma soziala itzali delako eta langileei ordaindu beharrik ez dutelako eskari gutxiko garaietan. Enpresarien ondoan, berriz, inoizko gobernurik progresistena ageri da, kontratu finkoek –aldizkakoek bai, baina besteek?– gora egin dutelako eta Estatuko langabezia tasa jaitsi delako harro.
Pertsona saldo bat imajinatu nahi dut ezerezaren erdian, horma zuri erraldoia eraisteko asmoz.