Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Isabel Coixet-en film berriena da Un amor (2023). Sara Mesa idazlearen liburuan oinarritzen den istorioak herri txiki baten balizko baretasuna du ardatz. Natek, 39 urte inguruko emakumeak, bere hiriko bizitza kaotiko eta gogorra atzean uztea erabakitzen du zerotik hasteko asmoz.
Gizontasuna gaur egun oso garbi disekzionatu den arren, badira oraindik oso barneratuta ditugun xehetasun batzuk film honek garbi erakusten dituenak. Nortasuntzen dituen zeinuak mahai gainean ezarri eta egoerak diren bezala erakutsiz. Ikusleri bati edo besteri ispilu bezala balioko diotenak euren buruak kanpotik ikusteko.
Pertsonaia bat besteen gainetik nabarmentzen da, Andreas. Isil bezain serioa. Hotza bezain maitabera. Nat eta bera ezagutzen doazen heinean akordio batetara heltzen dira, etxearen zainketaren truke protagonistak bere barnera sartzen utziko dio. Gaur egungo irakurketan moralki zalantzan jartzen den erabaki honek elkar ezagutzera eramango ditu.
Berezia da nola, film honetan, Andreas Nat baino gehiago ezagutzen dugula sentitzen dugun. Hitz gutxiko pertsonaia honek, filmaren erdian, sekulako erantzuna ematen dio bere bizitzan izan dituen ezbehar guztiak azaleratuz eta hemen, pertsonaiaren izaeraren jatorria ulertuko dugu.
Eta zer gure protagonista ezagutzen ez badugu? Gidoiaren apustua, seguruenik jatorrizko liburuak ere bazuena, errealitate bat erakustea da. Nat azkenean herri honetara heldu den pertsona bat da, ikuslearekin batera, dena berria egiten zaiona. Kasu honetan, ez da derrigorrezkoa gure gidaria den pertsonaia nagusia ezagutzea, inguratzen duena baizik. Azken batean ingurune eta errealitate baten erretratua egiten digu Coixetek non Natek egoera ezberdinak bizitzen dituen emakume izate hutsagatik.