Maddi Aldasoro, Yara Larrea eta Aitana Olano gazte legorretarrek osatzen dute DJ Lyma taldea. Azken asteetan pare bat emanaldi izan dituzte Goierrin eta gaua dantzan jarri dute bietan.
Zerk bultzatu zintuzten DJ bezala hastera?
Ez zen zerbait zehatza izan honetara bultzatu gintuena. Azkenean, Legorretako Talde Feministak egitarau bat antolatu nahi zuen, baina dj-rik ez zegoenez, txantxa moduan gu jarri ginen musika jartzen, DJ Lyma izenarekin. Hilabete batzuk beranduago, berriz, gauza bera gertatu zen Legorretako Gaztetxean. Inauteriak ate joka zeuden eta gu dj-rik gabe geunden. Beraz, aurrekoan ondo pasatu genuela eta, berriro DJ Lyma itzuli zen. Sekulako harrera izan genuen, izan ere, legorretarrez gain kanpoko jendea ere bazegoen, sagardotegi garaia izanik, eta gustura ikusi genuen jendea orokorrean.
Azken asteetan bi emanaldi egin dituzue eta biak Goierrin. Nola sentitu zarete hauetan?
Bai, azken asteetan bi emanaldi izan ditugu, aurrez aipatutako Legorretako emanaldia eta joan den asteburuan Ataunen, Oargin eman genuena. Orokorrean hirurok oso eroso sentitu gara, eta gainera, Goierrin izanik, publikoa ezaguna genuen. Ondorioz, oso babestuta sentitu gara. Horrez gain, jendea gustura egon dela esatera etorri zaigu eta guk ere jendea gustura ikusi dugu oholtzatik eta horrek sekulako indarra ematen du aurrera jarraitzeko. Hala ere, apur bat beldurra ematen digu konpromiso hau serio hartu eta parrandan gaudela perezaz hartzeak emanaldia, baina oraingoz, behintzat, ez zaigu halakorik gertatu eta gaua disfrutatzeko beste modu bat izan da.
Zer da gehien gustatu zaizuena emanaldi hauetatik?
Emanaldi hauetatik gehien motibatu gaituena jendearen motibazioa bera izan da, baita jendea gustura ikustea ere. Musika jarri eta publikotik erantzun on bat jasotzea, abestia dakitela ikustea eta asmatu dugula sentitzeak betetzen gaitu une horietan. Hau hala izanik, gaua modu honetan disfrutatzea ederra izan da, publikoarekin batera disfrutatu baitugula gaua sentitzen baitugu.
Aurrera begira zein da zuen asmoa?
Egia esan ez daukagu etorkizunerako planik oraintxe bertan. Denbora pasa bat da guretzat eta ez da serio hartzen dugun zerbait. Horrez gain, adin txikikoak gara hirurok oraindik eta herri batetik bestera hasi beharko bagina zailtasunak izango genituzke mugitzeko zenbaitetan. Hala ere, jendeak idazten jarraitzen badu pozik izango gara txoko desberdinetan giroa jartzen.