Ainitze Arrese • Segura
Baserria izan da gertaleku. Batzuentzat eskola, besteentzat jolasa. Nik ere badut buruan argazki bat iltzatuta. Hautsa kendu eta argitara atera nahiko nukeena. 8-9 urte nituen soroan patata ateratzen genbiltzan hartan. Patata edo lursagarra.
Uda beteko giroan eskuetan aitzurra hartu eta zuloa eginez, «peazarea» (argazkian ageri den saskia) hurbildu eta bertan patata kilo ugari jasotzen ziren. Urte osorako patata gordetzeko, komenigarria zen noiz bildu erabakitzea. Behin lehorra zagoela, toki ilun, fresko eta ondo aireztatuko zen batean jartzea komeni. Guk, baserriko garajean gorde izan ditugu.
Ez dut esango nire aldetik askotan egindako lana izan denik, nahiz oroitzapen polita dakarkidan. Badirudi argazkiari erreparatuta baserria azal-apainetan bizi izan dudala. Ostera, konplexurik gabe onartzen dut guraso biak baserrian jaio eta heziak izan diren arren, neuk ez dudala jaso modu berean baserritar izatearen dohaina.
Elkar behar
Oro har euskaldunoi, baserriak memoria historikoa utzi digu merezi adinako ikusgarritasunik eman ez diogun arren. Adibide entzutetsua dugu: adinez nagusiak diren eta baserrian jaio eta bizi diren hainbat baserritar noizbait gutxietsita sentitu dira. Baserri usaina zeriela, euskaraz modu itxian hitz egiten zutela…
Orduko hartan, euskaraz hitz egitea marka moduko bat zen, «aldeano» edo «kaxero» izatearekin lotzen zena. Lotsak hartuta, asko eta asko kalera jaistean erdaraz mintzatzen hasi ziren.
Lastima! ez gara ohartzen halako mezu eta komentarioekin, euskal nortasunaren eta giza ontasun eta osasunaren aurka goazela. Kasuan kasu, baserriko lanaren gogortasunean bizimodua eraikitzea zaila ikusi dutenen begiradapean, harrotasuna baino, aserrea, mina eta etsipena somatzen dira. Adibide kaskar bat baino ez da
segur aski, baina lehen sektorearen bultzatzaile eta eragile direnen aitortza kolektiborik egiten ez bada, egunotan protestan atera diren laborarien borroka, interes ezberdinak dituzten klase sozial baten gatazka moduan ulertuko da.
Denon onurarako balorean jarri behar dira baserria eta baserritarren lana. Etxaldea da biziraupenerako ezinbesteko eszenatoki. Gainera, giza jakinduriaren aitzindari da lan egiteko moduan eta espazioa antolatzeko moduan izan duen garapen eta eraldaketagatik. Nola ez, horren maitea dugun gure ingurune naturalarekin harremantzeko paisaia berriak marraztu dizkigu.
Esandakoak esanda, aldarri bat baino ez… Elkar babestu eta zaindu gaitezen!