Goierriko Gizarteratze Soziolaboralaren Sareko erakundeen eta hainbat eragileren artean diseinatu eta abian jarri den Elkar-EKIN Lanean proiektuaren bitartez, bazterkeria arriskua duten pertsonei lanerako aukerak zabaldu zaizkie.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko departamenduak finantzatutako Elkar-EKIN Lanean estrategiaren barruan kokatutako proiektua hasi da emaitzak ematen. Goieki Garapen Agentziak Goierriko hurrengo eragileekin jarri du martxan: Sareak, Caritas, Gurutze Gorria, Goierri Eskola, eta Prospektiker. Iaz egin zituzten enplegu programa ezberdinetan baztertze arriskuan dauden hainbat langabetuk parte hartu zuten, gizarteratze eta laneratze bidean urratsak emanez –datu guztiak 6. orrialdean–. Programa horren finantzazioaren %85 Aldundiari dagokio, eta %15 Goierriko udalei.
Egitasmoaren bidez, egoera zaurgarrian dauden pertsonek enplegu hobea lortzera bideratu nahi dituzte, eskualdean kalitatezko enplegua garatzeko pausoak ematearekin bat. Era berean, gizarte bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak enplegu duin batera hurbiltzeko politikak sustatzen dituzte egitasmo honekin. Bost helburu nagusi ez ezik, honako balioak ditu oinarrian: Lankidetza erakunde publikoekin eta eragile sozialekin; Profesionaltasuna; Lan merkatura sartzeko aukera berdintasuna; eta Balio etikoak –konpromisoa, elkartasuna, dibertsitatearen errespetua eta justiziaren zentzua–.
Eskualdean egin diren azken lan merkatu azterketak gainbegiratuta, deigarria da langabezian dagoen gehiengoaren profila eta egin diren kontratazioen arteko hutsuneak. Goierrin langabezia tasa txikia den arren (%7,30), egoera horretan dagoen kolektiboa oso urrun dago lan munduak eskatzen dituen profiletatik. Langabeen multzo handienak biltzen dituen ezaugarriak hauek dira gaur egun: 45 urtetik gorakoa, zerbitzu sektorean lan egiteko interesarekin eta lehen mailako ikasketak soilik amaituak dituena. Aldiz, azken hiruhilekoko kontratuen %53 industria sektoreak gauzatu ditu, eta horiek goi mailako ikasketak dituzten pertsonak aukeratzen dituzte. Langabezia egoeran dauden pertsona horiek lan munduan integratzeko helburuarekin jartzen dira martxan ekimen horiek.
Pertsona erdigunean jartzea
Ainhoa Imaz Elkar-EKIN Lanean egitasmoaren arduradunak argi du programan parte hartzen duten pertsonei egin dieten jarraipen pertsonalizatua gakoa dela gizarteratze eta laneratze bidean: «Emaitzen arrakasta une oro pertsona erdigunean jartzearen ondorio da. Jarraipen bilerak egiten dira, pertsonen beharrak gertutik ezagutzen ditugu, eta beren egunerokotasunean erabilgarri eta aberasgarri izango zaizkien aukera guztiak aurkezten dizkiegu».
Laneratze enpresa baten beharra
Programa honetan guztian egiten ari diren ibilbidean «prozesua borobiltzeko azken urratsa falta» zaiela ohartu dira Goiekin: kontratazioa. Eta hori, beste eskualde batzuetan martxan dauden laneratze enpresen eredua jarraituz egitea aztertzen ari dira: «Laneratze enpresak irabazi asmorik gabeko ekimen ekonomikoak dira, eta gizartean baztertuta edo desabantailan dauden, eta lan-merkatuan hasteko zailtasun bereziak dituzten pertsona langabeei laguntza ematea eta gizartean eta lan-munduan txertatzea dute helburu. Ekoizpen egitura horiek jarduera eta aberastasuna sortzen dute komunitatean, eta konpromiso argia dute tokiko garapena, gizarte-kohesioa eta iraunkortasuna bultzatzeko», azaldu du Imazek.
Programan parte hartzen duten pertsona askok (%64k) beren egoera erregularizatu gabe dutenez, Laneratze enpresa baten bidez pertsona horiek formakuntza jasotzen eta lan egiten jarraitu ahal izatea da Goiekiren nahia. «Behin haien egoera formalizatuta, lan munduan txertatzeko prest leudeke». Datozen hilabeteetan halako enpresa bat sortzeko Bideragarritasuna Plana lantzen arituko dira Goiekin, bertatik eskain daitekeen zerbitzua zehazteko.
Helburuak
Pertsonak enplegu hobea lortzera bideratu nahi dira, lurraldean kalitatezko enplegua gera dadin, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei enplegu duina sustatuz.
- Gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen arreta hobetzea.
- Enplegagarritasun-aukerak sortzea gizarte-egoera ahulean dauden pertsonentzat.
- Kohesioa eta aktibazio inklusiboko proiektuak sustatzea eta bultzatzea.
- Beste sistema batzuekiko koordinazioa indartzea.
- Herritarrak komunikatzea eta sentsibilizatzea.
Lorezaintza ikastaroan ikasitakoa herrian praktikan jartzeko aukera
«Etxeetan lan egiteko langile falta handia dago, eta are handiagoa bere gain titulua dutenena»