Ataungo Joseba Arinek Goiekiren Elkar-EKIN proiektuko lorezaintzako ikastaroan parte hartu zuen iaz, Fraisoron. 22 urtean lantegi mekanizatu batean lan egin ondoren, «aire aldaketa» premia zuen ataundarrak eta lorezaintza ikastaroan parte hartzea erabaki zuen, batez ere lanerako esparru berriak irekiko zizkiolakoan. «Lanerako ere aukera handia ikusten nuen, Ataunen lan handia izaten da eta belarrekin-eta».
Lorezaintzari 90 ordu eskaini zizkion, eta informatikari 60 ordu. Ondoren, praktikaldia Ataungo udaletxean egin zuen, guztira, bost hilabete. «Udalean gustura zeudela eta, praktikaldia luzatu egin zidaten, bi-hiru hilabetean [ordainduak] eta ondoren sei hilabeteko kontratua egin zidaten. Orain, postua libratzen bada, beste aukera bat egongo delakoaren esperantzan nago. Ea aurrera begira beste kontraturen bat egiten didaten».
Aukera «polita» da Arinen esanetan. «Oso giro polita izan genuen ikastaroan. Hemeretzi lagun ibili ginen. Fraisoroko bi maisuak ere oso onak ziren». Beste kultura batzuetako jendea ezagutzeko aukera ere izan du ataundarrak. «Taxista lanean ere aritu naiz. Goizero bizpahiru lagun igotzen nituen Fraisorora», gogoratu du.
Udaletxean ere gustura
Martin Aramendi Ataungo alkateak ere Elkar-EKINek eskainitako lorezaintzako ikastaroaren balorazio positiboa egiten du. «Ataun herri luzea da, zabala da, lan asko dago, batez ere udaberri-udan. Belarrak moztu, herri bidea edo Kasio bidea deitzen dioguna mantentzea ere asko kostatzen zaigu… Lan horietarako ondo etortzen zaigu. Baliabide oso mugatuak ditugu, horrelako praktiketara datorren jendea ondo etortzen zaigu. Prestatutako jendea behar dugu», zehaztu du Aramendik. Bestetik, «saiatzen gara saritzen, eta Lanbideren bidez kontraturen bat egiten…».
Joseba Arinen kasuan, «praktikak bukatu ondoren, bi hilabeteko beka moduko bat ematea adostu zen herrian. Ez zen kontratu bat, baina gutxieneko soldata bat jarri genion. Eta gero, Lanbideren bidez egin genuen hautaketa prozesuan, Joseba hartzeko aukera izan genuen». Hori bai, Ataungo alkatearentzat «ideala» litzateke, «jarraipena izatea eta ikastaro horretan ibilitako jendeak zerbait finkoxeagoa lortzeko modua izatea. Administrazioren aldetik, hautaketa prozesu bat izango da eta beti ere praktikak egin izanak, lekua ezagutzeak eta lan horiek egiten jakiteak laguntzen du lana lortzeko bidean».
Lanaren bidez gizarteratzea jorratuz
«Etxeetan lan egiteko langile falta handia dago, eta are handiagoa bere gain titulua dutenena»