Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Irungo eztandarekin hamaika egunetan zehar euskaldunon marea lodi, zabal eta indartsuaz gozatzeko abagunea izan dugu. Olatu aparretan bizi eta sentitu izan ditut egun horiek, emozioz beterik, tarteka begiak busti ere. 2024koa bukatu da eta bi urte itxaron beharko ditugu berriro burrunbada entzuteko. Hala ere, espero dut, leherketa ez izatea txanpainaren familiakoa, indarra galtzen doana bat ere gabe geratu arte.
Herenegun, oraindik ere olatuarekin jolasean nenbilela bat-batean lurra jo nuen. Nafarroako osasun publiko zerbitzura (Osasunbidea) joan behar izan nuen, Iruñera konkretuki. Itxaron gelan nengoen kontsultara sartzeko abisuaren zain. Itxaronaldia arinagoa izateko hormetan idatzita zeuden mezuak irakurtzen hasi nintzen. Espainolez zeuden. Zast! Bihotzean ziztada! Ziurtatu dezaket ospitaletik irten nintzela sartu nintzenean baino min gehiagorekin.
Honen harira, kasualitatez, ospitaletik etxerako bidaian unibertsitate garaian pisukide izan nuen lagun minaren mezua jaso nuen. Euskarabidea.es web orria saltseatzen ari zela topo egin zuena bidali zidan. 1676an Iruñeko ospitalean gaixo batek kexa idatzi zuen ez zegoelako apaiz euskaldunik, jarraituz «La mayor parte de los enfermos son vascongados y se hallan todos con notable desconsuelo». Antzeko kexa bat ere erregistratu zen 1791n ospitale berean. Urteak eta mendeak igaro arren garai hartako gaixoek eta gaur egungoek bihotzeko min bera dugu. Lastima oraindik min hori sendatzeko tratamendurik ez jaso izana.
Azpimarratzekoa da ere ondorengoa, web orri berean aurkitu zuena. «La lengua matriz de este reino desde la ciudad de Tafalla hacia los Pirineos, y en particular en esta ciudad de Pamplona, es la vasconica o vascongada, la gente ordinaria no habla otra». Garai hartan eliza behartuta zegoen herriko hizkuntza erabiltzea. Hala nola, Iruñako lau parrokietako bikarioak euskaldunak ziren. San Saturnino parrokiako bikarioak, Juan de Arregik, zioen; «La lengua vasca es la natural y materna de esta ciudad». Gaineratuz, parrokiara eliztar kopuru bikoitza joaten zela sermoia bertako hizkuntzan zenean, erromantzean predikatzen zenean baino.
Predikua baino ekintzak nahiago. Horietako bat, Korrika. Bere osagaiek bihotzera iristeko ahalmena dute, emozioak dantzan jartzen dizkigu. Inertzia baliatuz, bakoitzak ahal duenetik eman diezaiogun gure hizkuntz maitea elkarri. Euskarak eremu guztietan egon behar du eta guk, euskaldunok, euskara behar dugu eremu guztietan.