Ordizian eta Beasainen elkartuko dira apirilaren 3an eta 4an Goierriko hainbat gazte asanbladatako kideak, Goierriko II. Topaketan. Ataungo Torto, Beasaingo Melmak, Urretxu-Zumarragako Zugazteleku, Legazpi, Ordizia eta Zaldibiako asanbladek antolatu dute bi eguneko egitaraua.
Iazko estreinaldiaren ondoren, bigarren aldia ere izango du Goierriko gazte asanbladen topaketak, Ataungo Torto, Beasaingo Melmak, Zumarraga-Urretxuko Zugazteleku, Legazpi, Ordizia eta Zaldibiako gazte asanbladek antolatuta. Aste Santuko oporraldia aprobetxatuz, apirilaren 3 eta 4rako jarri dute gazteek hitzordua. Aurtengoan Ordizia eta Beasain izango dituzte topagune, bi herri horietako herriguneak zein gaztetxeak.
Goierriko herri desberdinetako gazte asanbladen arteko «harremanak estutze aldera» sortutako egitasmoa da Goierriko gazte asanbladen topaketa, Beasaingo Melmak gazte asanbladako kide den Itziar Mendiak nabarmendu duenez. «Asanbladen artean harremanak estutze aldera, herri desberdinetan topaketa egiteko proposamen horri buruz hitz egin zen. Goierriko gazte asanbladei gonbidapena pasatu zaie» eta azkenean seik egiten dute bat: Beasaingo Melmak, Ordizia, Urretxu, Legazpi, Ataun eta Zaldibiako gazte asanbladei ideia ona iruditu zitzaien, eta denen artean elkarlanean egitarau bat antolatzea erabaki zen».
Dena den, bi egunetako harreman eta elkarlan hori, urte osora hedatu nahi dutela nabarmendu dute. «Intentzioa da bi eguneko topaketaren harira harremanak gehiago estutzea, urtean zehar agenda partekatuago bat edukitzea eta elkarren artean gero eta ekintza gehiago egiten joatea». Hain zuzen ere, «gazte asanbladen lana ez dadila izan bakarrik bakoitzak bere herrian egiten duena».
Ordizian eta Beasainen
Iaz Legazpin eta Beasainen osatu zuten topaguneko egitaraua, «Legazpin kirol ikuskizun bat eta Beasainen kontzertu batzuk egin genituen. Oso ondo atera zen». Eta aurten, Beasainek errepikatu egingo du, eta Ordiziak hartuko dio lekukoa Legazpiri. «Ez daukagu pentsatuta zehazki nola egin herrien txandatzea. Orain arte, urte hartan egitarauaren karga gehiago hartzeko prest dagoen asanbladek hartu dute… Azkenean, azpiegitura egokiena ikusten den tokian».
Goierriko herri hazi gehienetan daude gazte asanbladak [aipatutako sei horiez gain, Lazkaon, Ormaiztegin, Legorretan, Olaberrian, Idiazabalen, Seguran, Beasainen eta Urretxu-Zumarragan beste bana…] bakoitza errealitate desberdinarekin, baina Mendiaren arabera, «justu elkartu garen asanblada guztien kasuan dago gaztetxea. Hala ere, ekitaldiak ez dira gaztetxeetan bakarrik egingo».
Herrigunean eta gaztetxean
Bi eguneko topaketa antolatu dute, bi herritan. Herrigunean zein gaztetxean izango dira ekintzak. Apirilaren 3an Ordiziako Plaza Nagusian izango da arratsaldeko ekintza eta «gauean igoko gara gaztetxera». Eta Beasainen ere, «egunean zeharreko ekitaldiak Gernika pasealekuko pilotaleku estalian izango dira, eta kontzertuak eta afaria gaztetxean. Herrira gerturatu nahi dugu festa, jendeari errazagoa egiten zaiolako. Ekitaldiak irekiak dira, edozein har dezake parte. Edozein izango da ongi etorria».
Aste Santuan «orokorrean gazteak nahiko libre ibiltzen» direlako aukeratu dute data. Beste berezitasun bat ere badu topaketak, Mendiaren esanetan: «Bailarako edo inguruko gazteekin osatu dute egitaraua». Otorduak, kontzertuak, bakarrizketak, jokoak, hitzaldiak… antolatu dituzte.
Bonuak salgai
Topaketako bonu desberdinak jarri dituzte salgai. Batetik, topaketetako bonu orokorra dago, 10 euroan. «Lehen eguneko afaria, bigarreneko bazkaria eta ekimen guztietara sarbidea bermatuko ditu». Dena den, ostegunerako [apirilak 4] bonua bakarrik ere egongo da 8 euroan (bazkaria, boxeo ikuskizuna eta kontzertuak).
Bonuak eskuratzeko, «sare sozialetara idatzi, Beasaingo Xuber tabernako zerrendan apuntatu edo asanbladetako kideengana jo daiteke». Izena emateko azken eguna apirilaren 1a izango da.
Egitaraua
Ordiziako, Beasaingo Melmak, Urretxuko, Legazpiko, Zaldibiako eta Ataungo gazte asanbladen artean antolatu dute topaketa.
Apirilak 3, asteazkena: Ordizian
- 18.00. Asanbladen arteko jokoak, plazan.
- 21:00. Afaria, Ordiziako gaztetxean.
- 22:30. Lide Arregiren bakarrizketa eta Lexuri Iparragirreren kontzertu akustikoa. Gaztetxean.
Apirilak 4, osteguna: Beasainen
- 11:00. Gazte problematik jo puntuan hitzaldia, GKSko kideen eskutik. Gernika pasealekuko pilotaleku estalian.
- 14:00. Bazkaria, eta ondoren mus eta karta jokoak. Pilotaleku estalian.
- 18:00. Kirol ikuskizuna. Pilotaleku estalian.
- 22:00. Kontzertuak, gaztetxean: Eo, Naza eta Woolen disko jartzaileak.