Lau seme dituzte Ordiziako Miriam Cuadradok eta Alejandro Berenguerrek: 7 urteko Alain, 6 urteko Julen, 3 urteko Alex eta urtea pasatxo duen Xabier. «Txikiak dira oraindik, egundoko lana dugu etxean, baina txintxoak dira, eta moldatzen gara», dio Miriamek.
Hala ere, «laguntza» behar izaten dute, eta gurasoen aldetik jasotzen dute. Biak lanean ari dira,eta txikia Miriamen amarekin geratzen da. Eskolara eramateko garaian ere behar dute laguntza, Urdanetan eraikin desberdinetan ari direlako ikasten haurrak. Miriamek bertan lan egiten du, eta urtetan ordutegi murriztua izan du semeen zainketarekin kontziliatu ahal izateko.
Kide ugariko familia izatea nahi izan du beti Miriamek, hiru seme-alabakoa, «baina Xabier iritsi zen, eta oso pozik gaude laugarrenarekin». Bi anai-arreba dira bakarrik, «beti gustatu izan zaizkit familia handiak, nire amarena bezalakoak, dezente direlako». Alejandrok ere ez du familia handirik.
Lau ume izateak azpiegituran eragina du, eta etxebizitza handiago batera aldatu behar izan ziren, «lehengo etxeak sukalde eta logela txikiak zituen… txikia geratu zitzaigun, eta beste batera joan behar izan ginen». Kotxea ere aldatu zuten, ez zirelako denak sartzen, «are gutxiago orain, haurrentzako aulki bereziak behar ditugunean». Furgoneta erosi zuten. Gainera, «logistika aldetik» ere badituzte gorabeherak, «batzuetan bi aulkirekin atera behar izaten dugulako kalera, eta horrek bi pertsona eskatzen dituelako». Opor garaian ere, ekonomia alde batera utzita, horrelako familia handiak hartzeko hoteletako gelak ez daudela prestatuta dio Miriamek, «baina orain arte, gu moldatu gara. Hala ere, gure oporrak bestelakoak izaten dira normalean, gurasoen apartamentura edo amonaren herriko etxera joaten gara, edo aparthoteletara».
Ekonomian ere badu eragina kide ugari izateak, «lau ume izanda, gastuak handiagoak dira». Gobernuak laguntzak ematen dizkie, baina «egia esan, ez da asko». Orain 300 euro jasotzen dituzte hilean txikienak 3 urte baino gutxiago dituelako, eta hirugarrenarengatik 100 euro dituzte 7 urte betetzen dituen arte, «eta hori da guztia, beste semeengatik ez dugu ezer jasotzen». Argia ordaintzeko bonu soziala dute, gasa ordaintzeko ere jasotzen dute laguntza bat urtean, garraioan deskontuak dituzte… «Laguntza batzuk badaude, eta udalean ere bai, kotxearekin edo kontribuzioarekin. Orokorrean, gutxi da, baina eskertzen dira laguntzak».
Elkartearen babesa
Hirukide aldetik jasotzen duten babesa, berriz, asko estimatzen du Miriamek: «Ordiziako hainbat dendetan erosteko deskontuak, Eroskin gastatzeko bonuak… erosketak egiteko eskertzen dira! Eta deskontuez gain, bestelako zerbitzuak ere ematen ditu, aholkuak, formakuntza, topaketak…».
Lehen aipatutako logistika eta ekonomia arazo horiek alde batera utzita, oso pozik dago Berenguer-Cuadrado familia hain handia izanda. Etxean duten giroak dena konpentsatzen die, «batzuetan izaten dituzte liskarrak anaien artean, umeak dira, eta normala da, baina orokorrean txintxoak dira, oso harreman ona dute». Miriamek kide ugariko familia izatera animatzen du jendea, «umeak behar ditugu, eta polita da. Ni oso pozik nago nire umeekin. Askotan esaten dut nik diru asko izango banu, ume gehiago izango nituzkeela».
De Miguel-Barandiaran familiarentzat neketsua, baina aldi berean polita
Hirukidetik eragiten