Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Aitortu behar dut futbolaren munduari zeharka begiratzen dion horietakoa naizela. Gol-gol-gol! oihukatzen duten arte zelaian zer gertatu den enteratzen ez den despistatu horietakoa, eta markagailuari begiratu behar izaten diot aldiro gola zein taldek sartu duen ziurtatzeko. Futbolaren munduko edozein eratako eskandaloek, izan sexu jazarpenagatik, edo goi mailako futbolaren kudeatzaile batzuek egiten duten diruaren erabilera susmagarriari buruzkoek, edota legeari iruzur eginez botere ahalguztiduna islatzen dutenek gogaitzen naute erraietaraino.
Eskerrak noizbait bestelako filosofia eta gizartearekiko jarrera daukaten –eta defendatzen duten– harribitxi batzuk azaltzen diren futbolaren esparruan, esaterako izenburu hau jaulki duena: «Pena ematen dit jendea futbolarekin horren itsututa egoteak». Oier Sanjurjo futbolari ohiaren hitzak dira, Eñaut Agirrebengoa kazetariak egindako elkarrizketa bikainari sarrera ematen diotenak (ARGIA, 2024-03-17).
Futbolarekin itsututa daudenei buruz honela jarraitzen du Oier Sanjurjok: «Fanatismo puntu hori dutenez ari naiz. Tristea iruditzen zait bestelako mintzagairik ez edukitzea, eta soilik igandeko partidan pentsatzea. Pena ematen dit hainbeste jendek soilik futbola kontsumitzea. Balio oso politak lantzeko tresna da, ados, baina herriaren opioa ere bada. Oso kritiko nago horrekin. Jendea entretenituta mantentzen dute eta, bitartean, arretarik ez diegu jartzen askoz ere garrantzitsuagoak diren gauzei».
Kazetariak galdetzen dio Sanjurjori ea adierazpen askatasunik izan duen futbolari gisa; erantzuna, ezin esanguratsuagoa da: «Hitzak asko neurtu behar izan ditut, batez ere nire joera politiko eta sozialak erakusteko orduan». Hala ere, hauxe aitortzen du Lizarrako jokalari ohiak Osasunan garatu zuen euskararen aldeko jarrera eta lanari buruz: «Euskara babesterakoan ez nuen kontuz ibiltzeko beharrik sentitzen. Uste dut lan polita izan dudala hizkuntzaren normalizazioa sustatzen, entrenatzailearekin (Jagoba Arrasate) batera». Futbolarekin adiskidetzen zaituen horietarikoa da Oier Sanjurjo eta Eñaut Agirrebengoaren arteko elkarrizketa. Futbola duintzeko ariketa.
Hau argitaratuko den egunaren bezperan gabarra ere aterako dute paseatzera Athletic-ekoek. Sevillako mugidak eta Bilbon nahiz Bizkaiko beste herri batzuetan partidako egunean bizi izan zenak ez dakit aurrekaririk izan ote duten historian. Hori bai, Espainiako Erregearen Kopa irabazteak Espainiako ereserkia irentsi beharra dakar derrigorrean.