Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko familia ugarien Hirukide elkarteak 25 urte bete ditu aurten. Eusko Jaurlaritzak 2003. urtean Onura Publikoko Elkarte gisa aitortu zuen. Goierrin 1.590 familia dira Kide Ugariko Familia Titulua dutenak.
Kide ugariko familien kolektiboaren «eskubideak, bizitza politiko, instituzional, sozial, mediatiko eta enpresarialeko esparru guztietan defendatzeko» helburuarekin sortu zuten duela 25 urte (1999. urtean) Hirukide, EAEko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioa. 2003an Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko Elkarte gisa aitortu zuen. Hirukide elkarteko Ibai Arberasek emandako datuen arabera, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian kide ugariko 35.000 familia daude; Goierrin, 1.590. «Familia horietatik %20 Hirukideko bazkideak dira». Bat eginda indartsuagoak gara leloa dute filosofia, besteak beste, elkartean «ahalik eta kide ugariko familia gehien bildu» eta «denon indarrarekin lortu nahi ditugun helburuak betetzeko».
Kide ugariko familien kolektiboaren eskubideak defendatzearekin batera, Hirukideren helburu nagusia, esparru desberdinetan eragitea da. Eta aldi berean, kide ugariko familiei etengabeko informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea. Izan ere, Arberasen ustez, «ezjakintasun edo desinformazio handia dago».
Gaur egungo legediaren arabera, familia ugari titulua izateko hiru baldintza hauetakoren bat behar da: hiru seme-alaba izatea; bi seme-alabetako batek desgaitasunen bat izatea; eta bi seme-alaba dituen alarguna izatea.
«EAEn familia ugarien %80 kategoria horretakoa da». Kategoria berezikoak ere badaude, bost seme-alaba edo gehiago dituztenak (edo lautik batek desgaitasuna duena).
Familia ugari noiz arte
Familien lehenengo galdera, kide ugariko familia izaera noiz arte izango duten galdetzea izaten da. «Familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak legeak ezarritako adina bete arte, 21 urte bete arte (26 urte bete arte ere izan daiteke, ikasten edo prestatzen jarraituz gero). Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik at geldituko dira, baina, familiako gainerako kideen kasuan, familia ugari izaten jarraituko dute, gazteenak legezko adin hori bete arte», argitu dute Hirukidekoek.
Kide ugariko familiek dituzten hobarien eta eskubideen inguruan ere ezjakintasun handia dagoela diote Hirukideko kideek. «Ez dago onura handirik, baina jakin dezatela zeintzuk diren beraien eskubideak». Dena den, elkartzeak eta elkarlanak ematen duen indarrarekin, lorpen ugari eskuratu dituzte garraioan, hezkuntzan, aisialdian…
Hirukide.com webgunean informazio eguneratua dute. Azkeneko lorpenen artean dago Argiaren Bonu Soziala eta Termikoa. Ekainaren 30era arte behintzat, %65eko deskontua izango dute kolektibo zaurgarriek eta %85eko zaurgarri larriek. Bestetik, NANa edo pasaportea berritzea dohainik izango da familia ugariko kideentzat. Bestalde, Hirukide elkarteko bazkideek (urtean 42 euroko kuota ordainduta) deskontu bereziak izaten dituzte, hainbat enpresa pribaturekin eta komertzioekin dituzten hitzarmenei esker.
Legean aldaketak
Espainiako estatuan familia ugari izaera kontuan hartzen duen lehenengo legea 1941. urtekoa da. Gizartea aldatu den bezala, legedian ere aldaketak egin dira urte hauetan guztietan. Familia Ugarien titulua izateko beharrezkoak diren seme-alaben kopurua aldatzen joan da adibidez, pixkanaka. 1994tik gutxieneko kopurua hiru seme-alabakoa da. 1998az geroztik, berriz, bi seme-alabetako bat gutxienez elbarria edo lanerako ezindua den kasuan ere Familia Ugaria izango da.
Orain beste lege aurreproiektu bat lantzen ari dira Madrilen, eta Hirukide elkartekoek «kezka» azaldu dute. «Familia Ugaria kontzeptua kendu nahi dute, eta hazkuntzarako behar bereziak dituzten familiengatik aldatu. Gure berezitasuna da seme-alaba gehiago edukitzea. Beste familiek beste behar batzuk izango dituzte, baina gurea ez da beharra bakarrik, beste ikuspegi bat, justizia sozial baten beharra baizik. Familia ugariko elkarteak kontzeptu aldaketa horren kontra gaude», dio Hirukideko Arrate Etxezarretak.
Hirukidekoek argi dute, «jaiotza tasa jaisten ari den honetan gero eta gehiago jarri beharko litzateke balorean ume gehiago edukitzea. Baina badirudi ez dela horrela. Guk defendatzen duguna justizia soziala da, ez da laguntza beharra. Beste ikuspegi bat da».
Dena den, onartzen dute, 2003. urteko legea egokitu beharra dagoela, eta «gauza onak» ere badaudela. «Garai hartan ez ziren aintzat hartzen gaur egungo egoerak. Baina gauzak aldatu egin dira. Monoparentalak bi seme-alabekin sartu nahi dituzte, adibidez».
Alderdiekin harremanetan
Lege berria oraindik ez du onartu Madrilgo Kongresuak. «Prozesuan dago, eta ikusiko dugu. Badakigu hainbat alderdik alegazioak aurkeztu nahi dituztela. Uste dugu EAJ eta EH Bildu ez daudela ados lege horrekin». Hirukideren helburua eragitea denez, «gu gure kontatuak egiten ari gara», aitortu dute.
Berenguer-Cuadrado familia, logistika eta ekonomia alde batera utzita, poztasunez beterik
De Miguel-Barandiaran familiarentzat neketsua, baina aldi berean polita