Lazkaotarrek erabaki dutenez, Bakuntza elkarteko kideak izango dira aurtengo San Prudentzio jaietako txupinazoa botatzeko ohorea izango dutenak. Hogei proposamenen artean botorik gehien jaso du Bakuntzaren aukerak. Desgaitasun funtzionala duten pertsonen aisialdi inklusiborako elkartea da Bakuntza.
Apirilaren 26an, 18:00etan, Lazkaoko udaletxeko balkoira Bakuntza elkarteko kideak igoko dira, beraien ardura izango baita 2024ko San Prudentzio jaiak iragarriko duen txupinazoa botatzea. Lazkaotarren botoei esker izango dute Bakuntzakoek ohore hori. Izan ere, parte hartze prozesua egin dute lazkaotarrek txupinlaria aukeratzeko eta hogei proposamenen artean botorik gehien Bakuntzak lortu ditu: 224 boto emaileren artetik, 129.
Desgaitasun funtzionala duten pertsonen aisialdi inklusiborako elkartea da Bakuntza. 2022ko apirilean egin zituen lehen urratsak eta 2023ko martxoaren 20an hartu zuen elkarte izaera. Jarduera fisiko inklusiboa eta aisialdi egokitua sustatzeko lan egiten du elkarteak. Bere ekimenen bidez, dibertsitate funtzionala duten haur, gazte eta helduen parte hartzea sustatzen du, dibertsitate funtzionala duten eta ez duten pertsonen arteko inklusioa eta elkarrekintza bultzatzen duten jardueretan.
Lazkaoko Udalaren esanetan, «aitorpen horrek, desgaitasun funtzionala duten pertsonen inklusio eta ongizatearekin Bakuntzak duen konpromisoa azpimarratzeaz gain, Lazkaoko espiritu solidarioa ere islatzen du». Udalak dei egiten die herritarrei jaien hasierako ekitaldian parte hartzeko eta, horrela, Bakuntza elkarteari babesa emateko».
Aitortza
Bakuntza elkarteko Goretti Etxeberriak aurreratu duenez, «oso pozik» daude Lazkaoko jaiei hasiera emango dielako: «Izugarri gustura daude, zerbaiten parte direla ikusi eta sentitzen» dutelako. Apirilaren 26an udaletxeko balkoira Bakuntzako bost lazkaotar igoko dira. «Batetik, lazkaotarrei eskerrak emango dizkiete txupinazoa botatzeko gu aukeratu gaituztelako. Bakuntzako gainerako kideak plazan egongo dira, dantza bat (edo bi) eskaintzeko zain. Ikusten da tartetxo bat egiten ari garela gizartean».
Lazkaotarren aitortza eta maitasuna badute, eta Bakuntzakoak ere mimoz eta maitasunez prestatzen ari dira txupinazoa botatakoan, plazan eskainiko duten dantza ikuskizuna, «musikarekin eta dantzarekin jendea pozteko, eta beraiek ere pozteko». Bakuntzako gazteak dantza entseguetara joateko irrikan egoten direla dio Etxeberriak: «Oso-oso polita da. Dantza proiektu txiki batekin hasi zen Bakuntza. Behar batekin hasi zen, baina ikusi dugu behar hori benetako beharra ari dela bihurtzen».
Dantzatik harago
Aisialdi hezitzailea du ardatz Bakuntzak eta dantza proiektutik harago, urratsak egiten ari dira desgaitasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. «Dantzaz gain, antzerki tailerra eta diru tailerra ere egiten dituzte». Diruaren tailerra astelehenero edukitzen dute. «Beasainen ematen dute diru tailerra. Hamar bat erabiltzaile joaten dira. Dirua maneiatzen ikasteko beharra daukate». Larunbatetan, 15 egunean behin, dantza entseguaren ondoren, antzerkia ere egiten dute Lazkaoko Arerian. Etxeberriak aurreratu duenez, kaleko arriskuen inguruko ikastaroa ere prestatzen ari dira Gurutze Gorriarekin. «Kalean egonda zerbait gertatu, ez dakizu nola kudeatu momentu hori…».
Beste hitzordu bat ere izaten dute: «Hilabeteko hirugarren ostiraletan 17:15-17:45 artean, Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitzara igotzen gara eta dantza egiten dugu, asko eskertzen digute joatea». Arangoitikoek bakarrik ez, doazen tokira doazela, arrakasta ziurtatuta izaten dute Bakuntzakoek. «Lazkaon martxoaren 23an Arerian topaketa batean parte hartu genuen. Bulego taldearen abestiarekin osatu genuen koreografia eta oso gustura aritu ginen, datorren urterako gonbidapena jaso dugu». Beasaingo Arana kaleko jaietan ere parte hartuko dute.
Webgunea ere sortu du
Teknologia berriei esker, Bakuntza.eus webgunean eta sare sozialetan eskura daiteke, unean unean, Bakuntzaren berri.