Xiker Larrea (Beasain, 2003) harri jasotzailea da eta herri kirolak betidanik gustuko izan dituen arren duela urtebete inguru hasi zuen bere harri jasotzaile ibilbidea. Gaur egun ETBko Harri Herri programako parte hartzailea da.
Zerk bultzatu zintuen harri jasotzen hastera?
Zaletasuna txiki-txikitatik datorkit, etxetik. Hala ere, errugbian jokatu izan dut beti eta ez diet beste kirolei agian aukera gehiegirik eman. Duela urtebete, hala ere, gauza berriak probatu nahi nituen eta nire zenbait lagun Arantzamendin probak egiten hasi ziren eta haiekin joan nintzen ni ere egun batean probatzera. Gero, bertako harriak baino zerbait gehiago behar nuela sentitzen nuen eta Joseba Ostolazarengana jo nuen. Bertara bost-zazpi pertsona inguru hasi ginen joaten, baina horietatik nik bakarrik egin dut aurrera, izan ere, astean bitan haraino joatea gogorra da eta konpromiso handia eskatzen du. Hala ere, Gari Garmendia idiazabaldarra ere bertan ibiltzen denez, bidaiak harekin egiteko aukera daukat eta honek joan-etorriak errazten dizkit, jarraitu ahal izateko.
Nola sentitzen zara kirol hau egiterakoan?
Egia esan nolabaiteko harrotasuna sentitzen dudala esango nuke. Herri kirolak gure herriko kirola dira eta honek harrotasunez praktikatzea kirol hau dakar nire kasuan behintzat. Gainera, kirol hauek galdu ez daitezen gure alea jartzea garrantzitsua dela uste dut. Bestalde, beharrezkoa ikusten dut gizartean ere herri kirolen presentzia bermatzea eta horretan parte hartuz nire ekarpena egiten dudalakoan nago.
ETBko Harri Herri programako parte-hartzailea zara. Nolatan hartu duzu parte bertan?
Joseba Ostolazak argi esan zidan programa hasi baino hilabete lehenago bajaren bat izanez gero ni izango nintzela hutsune hori beteko zuena. Lesio ugari izan ziren eta Gorka Etxeberriak baja eman behar izan zuen gaixorik zegoela eta, beraz, nik joan behar izan dut. Ez zen aukeratu nuen zerbait izan, hau da, egokitu egin zait, baina gustura nago.
Zer moduz doa lehiaketa?
Gustura aritu naiz lehiaketan. Nire lehen plaza izan da txapelketa batean eta bertan izan nitzakeen ezjakintasun eta urduritasunak ez ziren gutxi. Bertan altxatu beharreko harria entrenamenduetan pare bat aldiz besterik ez nuen ukitu eta horrek ezjakintasuna sortzen zidan. Hala ere, lehen aldia izanda ez nuen ezer erakusteko, eta horrek presio gutxiago izatea ekarri zuen. Ni nire lanak egitera eta nire taldeari egin niezaiokeen ekarpena egitera joan nintzen eta hala egin dut. Hasieratik argi utzi zidaten ez neukala ezer erakutsi beharrik eta hori buruan nuela joan nintzen.
Zein dira zure etorkizuneko erronkak?
Oraintxe bertan maiatzaren 25ean jarri diot nire buruari erronka berria. Harri eskolakook errekor saiakerak egingo ditugu egun horretan eta egun polita iruditu zait zenbaki borobil bat jartzeko jomugan. 200 kg-ko harria jasotzeko saiakera egingo dut. Zenbaki polita iruditzen zait eta egun are politagoa saiakera hau egiteko.