Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Ibiltzeko zinta horietako batean hasi nintzen irakurtzen Nuccio Ordine-ren Alferrikakoaren balioa. Liburuaren azala ilustratzeko modukoa zen egoera: inora joan gabe mugitzen den plataformaren gainean oinez. Baina hitz egin nuen beste batean batere aurreratu gabe korrika egiteaz. Kontua da liburuaren pasarte batean ondorengoa kontatzen duela Théophile Gautier-ek.
Erabilgarritasuna erlatiboa da: zu zapataria zara eta ni poeta. Niretzako badu garrantzirik bertso batek ondorengoarekin errimatzeak, beraz, errimen hiztegi bat oso erabilgarria zait. Zuretzako, ordea, alferrikakoa da hori oinetakoei zolak jartzeko, eta zuk erabilgarritzat duzun labana horrekin nik ez dut poemarik idazterik.
Utilitarismoaren unibertso honetan erraz erabaki ohi dugu mailu batek sinfonia batek baino gehiagorako balio duela edo poema baino erabilgarriagoa dela labana. Balioa erabilgarritasunaren arabera epaitzen dugu, eta horregatik zapataria beharrezkoagoa da gizartean poeta baino, ingeniaria artista baino. Zenbait giza jarduera, lan edo jakintza-alor alferrikakotzat ditugu, onurarik gabeko jakintzak direlako irabazi eta galeren mundu utilitaristan.
Konturatu naiz, bada, alferrikako jarduera asko egiten ditudala, zintan ibiltzeaz gain: musikan aritu naiz, arte plastikoetan ere bai, ikerketa lana egiten dut arte garaikidean eta iritzia ematen dut aldizkarian. Egiten dudan guztiak ez du ezertarako balio erabilgarritasunaren terminoetan, edo hori uste du behintzat zapatariak.
Baina, Gautierrek bezala, nik nahiago dut zapatak apurtuta eraman eta esan nahi dudana esateko hitzak aurkitu. Eta hitz horiek ederrak badira, hobe. Guztia erabilgarritasunaren legeaz epaituko bagenu, patatak ereingo genituzke tulipan soroetan, eta nork nahiko luke patata sorta bat opari?